GARA > Idatzia > Kultura

«San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera»; geroa, hurbilago

Donostiako San Telmo museoa berritzeko lanen inguruko erakusketa antolatu dute Kutxa Boulevard aretoan. «San Telmo Museoa. Zatoz Ezagutzera» izenburupean, 2011ko udaberrian irekiko den museoaren ezaugarriak eta orain arte eraikuntzan eta komentuan egin diren lanak ageri dira bertan. Jakin-mina ase nahi dutenek, irailaren 5era arte izango dute aukera.

p041_f01_199x116.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

2007tik, ateak itxita izan ditu San Telmo museoak; hala ere, ez dute luzaroan itxita jarraituko, gutxi barru amaituko baitituzte berritze lanak. Donostiako alkate Odon Elorzak datorren urteko apirilean irekiko dituzten itxaropena azaldu zuen atzo, Bulebarreko Kutxa aretoan egindako aurkezpenean.

Jendeari azken hiru urteotako prozesua erakuste aldera, «San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera» erakusketa antolatu dute Kutxak eta museoak elkarlanean. Baina erakusketa honek ez du museoa izango dena erakutsi nahi, izan ere, museoa zer den jakiteko eraikuntza ikusi eta bisitatu behar dela adierazi zuen Susana Sotok, museoko zuzendariak. Erakusketa honek «lan koadernoa» azaltzea du helburu; «egindako lana» eta 2007az geroztik nola egin den lan. Museo berria ezagutzeko «bere osotasunean ikusi behar da-eta».

Erakusketa hiru solairutan banatuta dago, museoak izango dituenak adina. Beheko solairuan mendebetea duen museoaren historiari errepasoa egiten zaio. Jaso dituen bildumak, bertan burututako ekitaldiak, erakusketak, jarduerak eta berritzeko beharra sortu zeneko lehen proiektuak ditu ikusgai bisitariak, luze jo duen prozesua hobeto uler dezan. Lehen solairuan Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano arkitektoek egindako proiektua eta berritze lanen prozesua azaltzen da, argazkiz lagunduta; besteak beste, dorrea zutoinez sendotu zenekoak, forjatuak, zulatutako galeriarenak, komentuarenak eta elizako gangen estalkien argazkiak daude.

Horrez gain, ustekabean topatu zituzten hilobien eta zaharberritu dituzten XVI. mendeko pintzeladuren irudiak ere ageri dira. «Museoa bertan kokatu zenean burutu ziren arkeologia-kontrolak, horregatik, berriro egitean, baliogabekoa izango zela uste genuen», zioen Sotok.

Azkenik, bigarren solairuan, San Telmo berria zertan datzan agertu nahi izan dute; erakusketa iraunkorraren, erakundearen ondare eta kultura proiektuen edota bere helburu eta asmoen inguruko informazioa jarri dute hainbat paneletan.

San Telmo gizarte museoa izango da, «euskal gizartearen eta herritarren museo» izan nahi du. «Gizartearen museoa da, gizartea bera kokatzen baitu egingo diren ekintza anitzen erdialdean», bota zuen Elorzak. Hala, lehengo balioak mantenduz (bildumak, eraikin historikoa edo hilarriak), egingo diren erakusketa eta jardunaldien bitartez, euskal gizartearen bilakaeran sakondu nahi du. Horretarako, hainbat instalazio berri erantsi zaizkio; hala nola, erabilera anitzeko gelak, zeintzuetan mintzaldiak, proiekzioak edota hezkuntza arloko ekintzak egingo dituzten eta, mediateka, non bibliografia eta dokumentuak jasoko diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo