GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nomadak Angeluko estadioan geldituko dira

Angeluko La Girouette estadioa okupatu duten 280 karabanek bertan gelditzeko eskubidea dutela deliberatu zuen atzo Paueko dei-auzitegiak. Epaileak prefetak «irizpide oker» bat izan duela erabaki du, nomadek ez baitute «eragozpenik» sortzen.

GARA |

Joan den igandean Angeluko La Girouette estadioa okupatu zuten 280 karabanek bertan gelditzeko eskubidea dute. Hori erabaki zuen atzo Paueko dei auzitegiak. Estadioan inolako baimenik gabe sartu ziren eta Angeluko Herriko Etxeak ofizialki bertatik joateko eskaera egin zien La Vie des Voyages elkarteko bidaia-jendeari. Horren ondotik, prefetak eskaera hori berretsi egin zuen. Atzo, Paueko auzitegiak prefetak kanporatze hori agintzean «irizpide oker» bat izan duela deliberatu du, bere hitzetan, nomadek ez dutelako «inolako eragozpenik» sortzen.

Pirinio Atlantikoetako prefetak eman zuen kanporatze agindu ofiziala ezeztatu zuen atzo Paueko dei auzitegiak. Hori dela eta, 280 karabanetako nomadak Angelun izango dira abuztuaren 15era arte.

Bidaia-jendeak estadioan ezartzeko izan duen era izan da epailearen deliberoaren oinarria. Izan ere, argindar sarera konektatzeko EDFeko langile batek egin du lotura, ur zulo batetik lortzen dute beharrezko duten ura eta ur-zikinak ez dituzte kanpora bota. Horrez gain, auzokoen artean ezinegona sortu duen zaratarik edo ekintzarik egin ez dutenez, eragozpenik ez dagoela ondorioztatu du epaitegiak.

Bigarren aldia

Aurtengo udan bigarrenez atera dira garaile nomadak epaitegian afera hau dela-eta. Lehendabizikoan, kanporatze eskaeran egindako forma akats bat izan zen arrazoia, baina oraingoan arazoaren muina izan da ardatza. Izan ere, La Vie des Voyages elkarteko kideek hasieratik salatu dute Euskal Kosta-Aturri Hiri Elkargoak (lehengo CABAB) Sant Bernard kaian ibilgailu handientzat egokitu duen eremua ez dela aski dituzten beharrei erantzuteko.

Laurent Nuńez Baionako su-prefetak euskal kostaldean horrelako eremu gutxi daudela onartu du eta heldu diren urteetan harrera toki gehiago prestatuko dituztela jakinarazi du. Nuńezen esanetan, horrelako arazoak taldeek aldez aurretik etorriko direla ez ohartarazteagatik sortzen dira.

ULERTEZINA

Jean Espilondo Angeluko auzapezak epailearen erabakia «ulertezina» dela adierazi du, nomadek sartzeko legea ez zutelako errespetatu. Estadioko sarrerako ateak eta hesiak hautsi zituztela oroitarazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo