KRONIKA Indusketak Irikaitzen
Beste altxor bat aurkitu dute Irikaizko aztarnategian
Historian zehar leku erakargarria izan ei da Zestoa gizakiarentzat. Ekaingo margolanetan ez ezik, Irikaizko aztarnategian ere aurki ditzakegu antzinako gizakiaren arrastoak. 1996an aurkitu zutenetik, jada bi tona material arkeologiko atera dute bertatik. Aurten, azken urteotako aurpegi-bikorik garbiena aurkitu dute.
Yuri AGIRRE
Duela egun gutxi batzuk Irakaitzen aurkitu duten aurpegi- bikoa oso egoera onean dagoelako nabarmentzen da. Behe-Paleolitokoko gizakiaren tresnarik esanguratsuena da. Bi aldeetatik landuta dago eta, batik bat, gainerako tresnak egiteko erabiltzen zuten.
Beste aurkikuntza nabarmen bat ere egin dute, arkeologoek ez baina, geologoek baizik. Izan ere, georadarren bitartez, lur azpian egitura gehiago daudela ziurtatu dute.
Azken urteetan egindako indusketei esker, gizakiak Irikaizko zelaiei bi arotan erabilpen desberdina eman diela jakin ahal izan da. Batetik, Behe-Paleolitoko gizakiak lantoki gisa erabili zituen bertako larreak. Izan ere, Euskal Herriko beste inon aurkitu ezin daitekeen harri mota bat zuten Behe Urola ibarrean, «sumendi harria», hain zuzen ere. Irikaitz parean, Urola ibaiak garraiatutako harriak eskuratu zitzaketen, aurpegi-bikoak zein beste hainbat tresna egiteko ezin hobeak.
Goi-Paleolitoko gizakiek, berriz, ehizan egiteko erabiltzen zuten Irikaitz. Urola ibaiaren ondoan, muino baten magalean eta pendoitz harritsuz inguraturik, animaliak zelatatu eta horiek segadan harrapatzeko toki bikaina zen. Gainera, apur bat gorago, bainuetxea dagoen tokian, ur termalez gozatzeko aukera zuten.
Ehunka lantegi lurpean
Irikaitzek 80.000 metro karratu ditu, eta bertako lurrek Behe Paleolitoko «ehunka edota agian milaka lantegi» gordetzen dituztela uste du Albaro Arrizabalaga Aranzadiko kide eta Irikaizko indusketen buruak. 1996an Azpeitiko Antxieta Jakintza taldekoek aztarnategia aurkitu zutenetik, induskatu dituzten ehun metro koadroetan bi tona material arkeologiko baino gehiago atera dute. Aztarnategiaren %1 baino gutxiago arakatu dutela kontuan hartuz gero, urte askotarako lana dagoela pentsa daiteke.
Hala ere, aztarnategiak ez direla guztiz induskatu behar azaldu du Arrizabalagak. «Datozen hamarkadetan, aurrerapen teknologikoei esker, teknika berriekin informazio gehiago lortu ahal izango da, eta ez da komenigarria orain aztarnategiak guztiz induskatzea».
Arkeologo lanetan ibiltzeko, pazientzia beharrezkoa dela aitortu du Arrizabalagak. «Nolanahi ere, erakargarririk ere izango du, hemen musu-truk lanean jardun duten askok eta askok errepikatu egiten baitute», adierazi du Aranzadiko kideak.