GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

M. Jose Molina eta Arantza Lekuona (*) Irakaskuntzako langileak

Egin bedi argia

 

Aspaldiko errebindikazioa bada ere, euskal eskola publikoa ez da eskola laikoa. Eliza katolikoak oraindik baditu irakaskuntza munduan halako abantailak (estatu laiko batean, onartzen zailak) espainiar Estatuak eta Vatikanoak 1979an sinatutako hitzarmenean (berau 1953ko Konkordatuan) oinarrituak.

Ez genekiena eta harritzen gaituena Hezkuntza Sailak erlijio irakasleen alde egiteko joera hartu duela da, gainerako irakasleen kaltetan izan arren.

Azal dezagun poliki-poliki. Erlijio irakasleak apezpiku jaunak aukeratzen eta izendatzen ditu (Espiritu Santuaren atxikimenduz, pentsatzen dugu) bera baita horretarako beharrezkoa den «missio canonica» ematen duena (katolikoen kasuan behintzat).

2008/09 ikasturtean erlijioa ikastorduetatik at geratu zenetik, gure ikasleen fedea anitz urritu da. Ikasle bakantze horren ondorioz, hainbat erlijio irakaslek arazoak omen dituzte beren ordutegia osatzeko. Fede eskaseko kristauak izanik ere, ongi hartu genuen Eusko Jaurlaritzak eta ELA, UGT, eta CCOO sindikatuek hitzarmen bat sinatzea gure lankideen arazoak konpontzeko. Hitzarmena bera irakurri genuen arte! Zur eta lur geratu ginen orduan. Benetan beren arazoa konpontzeko era bakarra gure (funtzionario eta ordezko) orduak beraiei ematea al da? Hitzarmena behin eta berriro irakurri ondoren hori dirudi-eta.

2009ko maiatzean sinatutako akordioak zera dio: «Erlijio ikastorduak lanpostua taxutzeko nahikoak ez badira, gainerako lan-legepekoen araudi bera aplikatuko da, eta erlijioari dagozkion eta beste irakaskuntza jarduera batzuetako orduekin diseinatuko lanpostu mistoak eskuratuko dituzte, beste irakasgai batzuen eskola-orduak barne, euren titulazioaren arabera».

Horrek zer esan nahi du? Erlijio irakasle batek bere ordutegia osatzeko bere titulazioko orduak ematea exijitu dezakeela? Nahiz eta mintegi horretan orduak soberan ez egon eta plazadun irakasle batek alde egin behar? Urteetan gai hori ematen aritu diren interino eta ordezko guztien aurretik? Eman hala ematen du! Ondo ulertu dugu?

Hortik aurrera zalantza beste ezer ez dugu! Galdetu dugu, irakurri dugu behin eta berriro eta Tomas de Kempis guztiz zoriontsuaren tankerara, bizirik lurperatu zutela konturatu zenean, gure fedea apur bat doitu da.

Jakin badakigu Jainkoaren bideak ulergaitzak direla, baina eskertuko genuke argitasun apur bat, hain dago ilun! Zalantzak gero eta gehiago dira eta ez dirudi ez sindikatuek, ez eta administrazioak ere, argi pizar bat eman nahi dutenik Edeneko alde beltzuri honetan. Hona hemen argitu beharreko zenbait galdera:

Bigarren Hezkuntzako erlijio irakasleak Eusko Jaurlaritzaren menpe baldin badaude, zergatik ezin dira beraiei buruzko argibideak hezkuntza.net-en aurkitu beste guztienak bezala?

Eskola eta institutu publikoen irakasle kopurua urtero eztabaidatzen da zuzendaritza eta Hezkuntza Sailaren artean, erlijioari dagozkion lan guneak izan ezik. Nork erabakitzen du eskola bakoitzaren kopurua? Zein aburuz? Zenbat ordu kopuru behar da erlijio irakasle bat kontratatzeko?

2009/10 ikasturtean lehen aldiz, 23 urteren buruan, ikasturte hasierako esleipenetan erlijio alorreko bi plaza eskaini ziren. Non eta nola banatu dira orain arte erlijioari dagozkion lanpostuak? Zergatik igaro ziren 2008/09 ikasturtean erlijio irakasleak ordezkapen zerrendetara, askotan beraiek baino urte gehiago lan egin dutenen aurretik kokatuz?

Zergatik dituzte erlijiokoek bi aukera lan gunea aukeratzeko (erlijioari dagokiona eta titulaziokoa) eta beste guztiok (interinoak) aukera bakarrekin konformatu behar dugu?

Pertsona bera izan al daiteke lantegi bereko mugagabeko kontratuduna (erlijio irakasgaiari dagokionez) eta alde-batekoa (ordezkapen zerrendetan egonda)?

Teologia Katolikoan lizentziatuak filosofia irakasgaiaren lan guneak har ditzakete. Eta Talmudean eta islamean adituak?

Norbaitek islama edo judaismoa irakasteko plaza lortzen badu eta ordu arazoak baditu, filosofiakoak hartzeko eskubide osoa izango duela pentsatzen dugu. Ez genuke Eusko Jaurlaritza erlijio bereizketa eta arrazakeria kasu batean nahastuta ikusi nahi!

Ez al da berdintasun oinarriaren aurkakoa talde zehatz horretarako pertsonak edozein lan gune aukeratzeko eskubidea izatea besteok beraienak lortu ezin ditugunean, zeren horretarako apezpiku jaunak banatzen dituen «missio canonica» lortu behar baitugu?

Denak omen gara Jainkoaren seme-alabak, baina batzuek miserikordia-etxetik ekarritakoak dirudigu.

Areago, larrialdi ekonomiko eta diru murrizketa garai honetan, Bigarren Hezkuntzan eta batxilergoan ratioek (ikasle kopurua taldeko) gora egin dute (15/17 ikasle gutxienez gaiaren arabera) baina erlijio ikasgaiko talde bat osatzeko ikasle bakar bat nahikoa da.

Eta ez hori bakarrik. Eusko Jaurlaritzak irakasleriaren prestakuntzarako ikastaroak antolatzen dituzten erakunde pribatuei ematen dizkien diru laguntzetatik %16 gure hiru eliz barrutientzat izan da (EHAA/BOPV 2010/4/29). 28.200 euro.

Nola liteke beren burua ezkertiartzat jotzen duten sindikatuek Elizako hierarkiak aukeratutako multzoaren abantailak onartu eta defendatzea, irakaskuntza publikoko beste langileak baztertuz? Ahantzi al zaie hierarkia hori historian zehar ezkertiar usaina duen oro arbuiatzen eta hondoratzen saiatu dela?

Zergatik mantendu du eta aurrera darama Gobernu sozialistak aurreko (eskuineko) Gobernuak sinatutako hitzarmena?

Aitortzen dugu, San Agustin lez, gure burua txikia dela Elizak eta Administrazioak erlijio irakasleentzako dituzten asmoak ulertzeko. Baina hondartzan egin dugun zuloan begiratuta, ondorio bakarra atera dugu: larrialdi garai hauetan lanpostu ziurra (eta oposizio barik) nahi duzuenok: erlijio irakasle bihur zaitezte!

(*) Artikulua Rakel Conde, Eli Gutierrez, Arantza Campos, Susana Perez Mallaina, Pilar Etxaniz, Ines Lopez, Nerea Mimenza, Susana Ostolaiz, Itziar Lekuona eta Asun Urbieta Garciak ere sinatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo