GARA > Idatzia > Mundua

Pakistanek alerta gorria ezarri du, euriteek okerrera egingo dutela-eta

Pakistango ezbeharren kudeaketarako agintaritzak azaldu duenez, azken 80 urteko uholderik larrienek guztira 12 milioi pertsona kaltetu dituzte dagoeneko. Egoerak txarrera egin du eta meteorologia zerbitzuek alerta gorria ezarri dute Pakistango hegoaldean.

GARA |

Uztailaren 29an hasi ziren Pakistango ipar-ekialdean uholdeak, eta egoerak okerrera egin duenez, alerta gorria ezarri zuten atzo meteorologia zerbitzuek.

Egunetik egunera okertzen ari da egoera, eta uholdeek eremu berriak harrapatzen dituzte.Nazio Batuen arabera, 4,5 milioi pakistandar baino gehiago kaltetu dituzte uholdeek -horietatik 1,8 milioi haurrak dira- eta 1.600 hildako izan dira dagoeneko. Guztira, 558.000 labore hektarea ur azpian geratu dira.

«Montzoi garaiko euriteek Pakistan osoa kaltetzen jarraitzen dute eta, antza, ez dirudi oraindik amaituko direnik», adierazi zuen Nazio Batuen Goi Komisariotzako bozeramaile Mellisa Fleming-ek.

Sind probintziako hamaika barrutietan -Pakistan hegoaldean-, «bat-bateko eta muturreko» uholdeak gertatzeko arriskua dago, eta hori dela eta, meteorologia zerbitzuek alerta gorria ezartzea erabaki zuten atzo. Sind probintzian espero dituzten uholdeei aurre egiteko, 500.000 pertsona beste eremu batzuetara eraman dituzte.

Iparraldean, Pendjab probintzian, berriz, milaka pertsonak urak hartutako herrixketatik alde egin dute.

Ezinbesteko laguntza

Aurreikuspenen arabera, montzoi euriek abuztuaren amaierara arte iraungo dute. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeak herrialdeak diru laguntzen beharra izango duela nabarmendu du. Dagoeneko, 18 milioi euro jaso ditu Pakistanek nazioartetik, baina ez da nahikoa.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak 25.000 familiarentzako elikagaiak banatu ditu Charsadda, Margan, Noswhera eta Peshwar barrutietan.

Kaltetuek inoiz baino premiazkoago dute laguntza. AEBek, besteak beste, 35 milioi dolar emango dituztela adierazi dute. Halere, galtzada eta zubi asko birrinduta daudenez, laguntzak garaiz heltzeko arazoak daude.

Gainera, kaltetuek gogor kritikatu dute Gobernua hondamendiari aurre egiteko erakutsi duen ezintasunagatik. Bitartean, Pakistango presidente Asif Ali Zardari Europan zehar bidaian da.

Ipar-ekialdean, kalte bikoitza

Pakistango ipar-ekialdea aurten bigarrenez jo du atea zorigaitzak. Izan ere, 2009an talibanekin izan zuten gatazka dela-eta, oraindik ere desplazatuta jarraitzen duten herritarrak erasan dituzte gehien uholdeek.

Zentral elektrikoek eta beste zenbait azpiegitura normaltasunera itzuli baino lehen asteak igaroko dira.

izugarrizko PREMIA

Nazioarteko laguntza ezinbestekoa da orain. Bitartean, Nazio Batuen Erakundeak elikagaiak eta edateko ura banatu dituzte kaltetuenen artean. Osasun laguntza zaindu beharreko beste arlo garrantzitsua da, izurriteak saiheste aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo