GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Espainiako Traineru Txapelketa

Kaikuko titularrak, Pedreñara hirugarren trapuaren bila

Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna da titulua irabazteko faborito nagusia.

Asier AIESTARAN

San Miguel Ligak atseden txiki bat hartuko du asteburu honetan eta Espainiako Traineru Txapelketari emango dio lekukoa, Pedreñan ospatuko dena. Azken urteotan Traineru Kluben Elkartearen (TKE) eta Espainiako Arraun Federazioaren arteko harremanak nabarmen «goxatu» direla baliatuz, aurten ere hiru euskal taldek hartuko dute parte gizonezkoen lehiaketan: Kaikuk, Oriok eta Hondarribiak.

Zalantzarik gabe, Sestaoko trainerua izango da bihar bandera irabazteko faborito nagusia. Kortaren mutilek ikuskizuna eman dute Bizkaiko zein Euskadiko txapelketan eta, iaz egin zuten bezalaxe, lurraldekako hiru lehiaketa nagusiak bereganatzeko aukera paregabea dute berriz ere. Ligan batere aukera edo arriskurik gabe daudela ikusita, asteburuko erronka are garrantzitsuagoa izango da beraientzat.

Hala ere, bizkaitarrek tentuz ibili beharko dute ontzi kantabriarrekin, haientzat urte osoko hitzordu nagusia izaten baita Espainiako Txapelketa, Kontxaren baimenarekin. Pedreñak etxean egingo du arraun, bere zale guztien aurrean, eta horrek maila ona ematera behartzen du. Castro ere, zein Liga kaskarra egiten ari den ikusita, bere mutil onenak asteburu honetarako fresko edukitzen saiatu da garaipenaren lehian sartzeko. Eta Astilleron, urtero bezala eta beste arraun moldeetan egiten duten moduan, ez dute ezkutatzen Espainiako Txapelketa denboraldiko helburu nagusia dela. Tiran eta Amegrove galiziarrek osatuko dute zortzikotea.

Ohitura den legez, gaur gizonezkoen sailkapen estropada jokatuko dute, 14.45ean hasita. Bihar, berriz, finalen eguna izango da. Gizonezkoen kontsolazio finala 15.00etan hasiko da, gero emakumezkoen estropada jokatuko dute, eta 15.45 aldera ekingo zaio Espainiako txapelduna erabakiko duen final nagusiari.

Emakumezkoen gorabeherak

Apurka-apurka, emakumezkoen traineru lehiaketak indarra hartzen ari diren arren, azken asteotan izandako gertaerek atzerapausoaren tankera hartu dute. Lehenik, Euskadiko Txapelketa bertan behera gelditu zen gazte mailako neskei mugak jarri zizkietelako. Eta orain, Espainiako Txapelketara Bizkaiko selekzioa bakarrik joango da, talde gipuzkoarrek beren ligako jardunaldia dutelako igandean Getarian. Horrenbestez, Getaria-Tolosa -bere zaleen aurrean arraun egitea erabaki duen Euskadiko txapelduna- eta Zumaia -Gipuzkoako txapelduna- ez dira Pedreñan izango. Hutsune horiek tarteko, Espainiako Federazioak aldaketak egitea erabaki du eta ez da sailkapen estropadarik izango larunbatean, ezta titulu ofizialik edo irabazlearentzat sari ekonomikorik ere.

Estropadak, Plentzian, Ondarroan eta Getarian

KAE Liga ere badoa aurrera pixkanaka eta asteburu honetan hiru estropada egingo dituzte. Lehen multzoko hamabi traineruek Plentzian dute gaur hitzordua, bertako 22. Ikurrina 16.30etik aurrera ipiniko baitute jokoan (ETB1). Denboraldiko hamargarren estropada puntuagarria izango da eta orokorrean parekotasun handia izan bada ere, dagoeneko Santurtziko «Sotera»k errenta polita atera dio bigarren sailkatuari: lau puntu berdinduta dauden Camargo eta Isuntzari. Bigarren multzoari dagokionez, bi estropada daude asteburuan. Gaur, Ondarroako 25. Banderaren txanda izango da, 17.00etan hasita eta, bihar, Getariako Estropada iritsiko da, 12.00etan hasita. Getarian, 11.30ean hasita, emakumezkoen Gipuzkoako Ligaren jardunaldia ere izango da ikusgai. KAE-2 Ligan Portugalete da liderra 138 punturekin, Getaria eta Santoñaren aurretik.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo