GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Gasteiz

Zaleak arabarrei begira egongo dira

Arabako aizkolariek izaten ez duten protagonismoa izango dute asteburu honetan. Gaur eguerdian, Gasteizko Torneoko finala jokatuko dute, maila nagusiko aizkolariekin uztartuta. Bihar eguerdian, berriz, eskualdeko finala jokatuko dute.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aizkora izango da datozen egunetako protagonista nagusia, izan ere, kirol hau nagusi baita Gasteizko jaietan. Batetik, torneo irekia jokatzen ari dira egunotan, egungo aizkolaririk onenak arabarrekin uztartuta, eta bihar herrialdeko txapelketa erabakiko da. Jaialdi guztiak 12.30ean dute hitzordua Foruen plazan.

Torneoa herenegun hasi zen eta atzo jokatu zen bigarren finalerdia. Finala bihar jokatuko dute, eta bertan Atutxa eta Zubiaga Nazabalen eta Jauregiren aurka neurtuko dira.

Herenegun jokatu zuten lehen finalerdia, eta bertan Atutxak eta Zubiagak mendean hartu zituzten Larretxea eta Llanos. Bost proba egin behar izan zituzten abiadura eta iraupen probak uztartuz, eta 20 minutu eta 58 segundotan burutu zituzten lanak Atutxak eta Zubiagak; 21 minutu eta 23 segundotan, berriz, Larretxeak eta Llanosek. Aipaturiko bost probetatik hirutan gailendu ziren amaieran garaipena eraman zuten aizkolariak, eta baten Larretxea eta Llanos. Berdinketa bat ere izan zen, izan ere, bi bikoek 38 kolpetan erdibitu baitzuten 45 ontzako enborra.

Atzokoan ere lan bera egin behar izan zuten aizkolariek, eta txapela lortzeko faboritoek, Nazabalek eta Jauregik, alegia, ez zuten hutsik egin. Garaipen erosoa lortu zuten, jokatutako bost probetan garaile atera baitziren Lopezen eta Rodriguez I.aren aurka. Lan guztiak burutzeko, 17 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten Etxarriko eta Ilarduiako aizkolariek, eta Lezaungoak eta Segoviakoak, berriz, 18 minutu eta 46 segundotan amaitu zituzten lanak.

Finala gaur eguerdian jokatuko dute, eta Nazabal eta Jauregi dira faboritoak. Etxarriko txapelduna tartean bada, beti da faborito, une honetan besteen gainetik baitago. Dena dela, Zubiaga eta Atutxa ahaleginduko dira faboritoak estu hartzen.

Arabako finala

Bihar herrialdeko finala jokatuko da. Zazpi aizkolarik eman zuten izena, eta kanporaketa jokatu ostean, honako hauek arituko dira nor baino nor bihar eguerdian: Jauregi, Zubiaga, Rodriguez I.a eta Llanos. Aizkolari bakoitzak 45 ontzako bi enbor, beste bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Garaipena lortzeko faborito nagusia Zubiaga da. Bera da azkeneko urte hauetako txapelduna, eta gainerakoei aldea kentzen die. Bera da, gainera, Euskal Herrikoan Lehen Mailan ari den bakarra. Llanos eta Jauregi Hirugarren Mailan ari dira, eta Rodriguez, berriz, segoviarra denez, ez da Euskal Herrikoan aritzen. Dena dela, lehiaketa honetako ustezko bi onenak, Jauregi eta Zubiaga, gaur ere arituko dira torneoko finalean, eta agian lan horren ondorioak izan ditzakete, baina zail izango dute, hala ere, Zubiagari txapela kentzea.

Aizkolariak ez dira Gasteizen bakarrik izango, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko baita etzi eguerdian, 12.30etik aurrera Orozkon. Horretan Nazabal eta Arrospide lehiatuko dira, eta Buruz Buruko Urrezko Aizkorako finalaren errebantxa izango da. Orduan Nazabalek lortu zuen garaipena. Gaurkorako ere bera izango da faboritoa, Etxarrikoa baita lehiaketa hau eramateko ere hautagai nagusia.

Orain arteko saioen ostean, sailkapeneko lehendabiziko postuan berdinduta daude Arrospide, Nazabal eta Larretxea. Bakoitzak 2 puntu ditu, eta oreka hori gaurko saioaren ostean amaitu egingo da, izan ere, Nazabalek edo Arrospidek, garaipena lortzen duen aizkolariak, eskuratuko baitu sailkapeneko lehen postua, nahiz eta Larretxea baino saio gehiago izango dituen jokatuak.

Gasteizen, kirol arloan aizkorak dauka protagonismo nagusia, baina ingude- eta lasto-altxatzeko herrialdeko finalak ere jokatu dira. Ingude-altxatzean, Lauzirikak eskuratu zuen garaipena, 79 jasoaldi emanda. Emakumezkoetan, berriz, Ferranek jantzi zuen txapela. Gaurko jaialdirako, berriz, herrialdeko lasto-altxatzeko finala dago iragarrita. Bertan, Lauzirika, Lopez eta Velez de Mendizabal neurtuko dira. Hiru bikoen artean oreka handia izaten da, eta gaur eguerdian ere horrelaxe izango da seguruenik.

Zubiaga eta Jauregi

Zubiaga eta Jauregi dira egungo Arabako aizkolaririk onenak. Gaur Torneoko finalean neurtuko dira, Atutxa eta Nazabal lagun dituztela. Bihar eguerdian, berriz, herrialdeko txapela izango dute jokoan.

Mindegia lehian ikusi nahi duenak Sunbillan du aukera

Latasaren oroimenezko aizkora torneoa ere bihar jokatuko da. Urtero Sunbillako festekin bat egiten du, eta bihar, 18.30etik aurrera, Sunbillako pilotalekuan neurtuko dira. Aurtengoan ere bi mailatan arituko dira, eta egungo aizkolaririk onenetakoak izango dira bertan.

Maila nagusian Etxeberria-Nazabal, Larretxea-Mindegia eta Lopez-Arrospide neurtuko dira. Hemen ere Nazabal tartean denez, beraiek izango dira faborito. Oraingoan, Etxeberria sunbildarrarekin arituko da. Hala ere, gainerako bikoak ere onak dira, eta seguru asko ikuskizun ona eskaini ahal izango dute. Aspaldian lehiaketatik eta torneoetatik kanpo dabilen aizkolari bat, hots, Miel Mindegia ere norgehiagokan ikusteko aukera izango da eta jende ugari erakarriko du segur aski.

Bigarren Mailan, berriz, aizkolari gazteak, oso denbora gutxian onenak izan beharko luketenak, arituko dira. Atutxa-Ohian Larretxea, Otaegi-Erasun eta Mugertza II.a-Rekondo lehiatuko dira. Horiek ere oso bikote orekatuak dira eta hor ere garaipena erdietsi ahal izateko izerdi dezente bota beharko dute. Gazte horien artean, Atutxa, Otaegi eta Rekondo Lehen Mailan daude Euskal Herrikoan, eta Larretxea eta Erasun, berriz, jadanik Bigarren Mailako finalean sartuta daude, eta maila nagusian daude Nafarroan. Mugertza II.a, berriz, Euskal Herrikoan Bigarren Mailakoan dago, eta Gipuzkoakoan, aurten lortu du Lehen Mailara igotzea, orain dela bi aste Mendaroko pilotalekuan txapela eskuratu ostean.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo