GARA > Idatzia > Kultura

Mustargo labeen eraberritzea, Leitzaran bailarako ondarea lehengoratzeko beste pauso bat

Mendian barrena, pinu eta sasi artean topatu ditugu Burdina Taldeko hamar lagun. Leitzarango Mustargo labeak lehengoratzeko lanetan dabiltza buru-belarri, hori baitute egiteko nagusia. Bailara osoan dauden hainbat elementu zahar biziberritzea dute helburutzat.

p050_f01_140x96.jpg

Maddalen LARRINAGA

Burdina Taldea Leitzaran bailaran (Andoain eta Leitza artean) dauden labe, meategi edota karobiak berreskuratzen dituen lagun talde bat da. 1991n eratutako Tren Txikiko 31 Taldea zelakoaren arrastoetatik sortu zen beste talde hau, «Plazaola trenaren, 31. tren makinaren azken arrastoak errekuperatu nahian» sortu zen talde hartatik, Xabi Arrutik, taldeko kideak, azaldu zigunaren arabera.

Aurrekoen antzera, Burdina Taldeak ondare historikoaren berreskurapena du xede, eta Leitzaranen zehazten du bere muga. Ondare horren barruan meategiak, burdinolak eta Plazaola trenean jartzen du arreta. Orain, Mustargo labeen errekuperazio prozesuan ari dira lanean.

Proiektu berri bat hasteko hainbat pauso eman behar izaten dituzte. Lehenik eta behin, informazioa jaso behar dute. Batzuetan kasualitate hutsari esker lortzen dute, prentsaren bidez edota Internet bidez. Beste batzuetan, herritarrek aipatzen dutenaren arabera lortzen dute berria den zerbaiti buruzko albistea. Mustargo labeen informazioa duela bi urte jaso zuten inguruko baserritarren eskutik. Topatutako labeak duela bi mendekoak direla uste dute, baina azterketek argitu beharko dute zehazki data hori.

Labeak zeuden tokira iristean, egoera tamalgarrian zeudela ikusi zuten. Izan ere, landaredia askoren artean zeuden; sasi eta zuhaitz askoren artean. Orduantxe ekin zioten proiektuari. Lehenik eta behin, landaretza hori guztia kendu behar izan zuten labeetara sartu ahal izateko, eta benetan zer egoeratan zeuden ikusi ahal izateko.

Horretan dabiltza egunotan. Izan ere, ez da ahaztu behar boluntarioak direla denak eta larunbatean bakarrik egin dezaketela lan. Eta noski, horrek izugarri mugatzen du lan erritmoa. Oraingoz, sei egun daramatzate bertan jo eta su, eta datorren asterako amaitua izatea espero dute. Baina ondoren, igeltseroen txanda izango da, labe hauen ertzak ez baitaude egoera onean. Hori prozesuaren bigarren fasea izango da eta irailean hastea espero dute. Amaitu bezain laster, labeak prest izango dira, «kontserbazio egoera ezin hobean», baieztatu zuen Arrutik.

Beizaman, Elduainen, Berastegin eta Leitzan ibili dira orain arte lanean. Baina orain, bailaran bertan jarri dira buru-belarri eta aurten Mustargo labeak dira esku artean duten proiektu nagusia, nahiz eta beste zenbait ekimen pentsatu dituzten jada Bizkotx inguruan. Irail aldean lehengo urtean handik gertu ikuskatu zituzten meategi batzuetara joko dute. Ez daude dokumentaturik oraindik, eta lagin batzuk hartzen hasiko dira, sorrera data zein den jakiteko.

Burdina Taldeak duen xede nagusia «bailara guztia errekuperatzea» da, Arrutiren esanetan. Ondare elementu bat berreskuratzen duten bakoitzean, dagokion lan txostena idazten dute. Eta behin eta berriz azaltzen den gaia da errekuperatutako inguru hori mantentzeko premia. Izan ere, «ez badago mantenu prozesurik, guk egiten dugun lanak ez du ezertarako balio». Baina mantenuaz eta errekuperazioaz gain, informazio panelak kokatzea ere beharrezkotzat jotzen dute. Hala, bertara inguratutako jendeak jakin lezake aurrean duen elementua lehen zer zen eta zertarako erabiltzen zuten; azken batean, «gure arbasoen bizimodua» ezagutzeko bidea sortu nahi dute.

Horretan datza duela lau urte erakundeei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei aurkeztu zieten proiektua. Besteak beste, bide turistikoak aurkezten zituzten. Baina askoren beldurra bailararen bilakaera zen. Baina Arrutik argi zuen erantzuna: «Bailara ez da auto edo autobusentzat egokituko. Bailara ezagutzeko bide bat sortzea da guk nahi duguna. Parke tematikoa guretzat bide turistikoa da, taulak jartzea, jendeak ikusi eta ikasteko». Proiektua Gipuzkoako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren mahai gainean utzi zuten, baina oraingoz ez dute erantzunik jaso. Horri buruzko azterketak egin eta, Arrutik jakin ahal izan duenez, aurreproiektu bat ere egin zuten. «Ez dakit non dagoen aurreproiektu hori, ez dakit noraino iritsiko den, askotan gauzak artxibatu egiten baitira. Baina guk aurrera egiten jarraitzen dugu. Pauso txikiak emanez, nahiz eta ez izan gehiegizko zerbait», esan zuen taldekideak.

Beraiek, hala ere, lanean aurrera jarraituko dute, Arrutik zioen bezala. Gutxika-gutxika, ahal den moduan eta erabil dezaketen denboraren arabera, baina Leitzaranen topa ditzakegun ehunka meategi, burdinola eta antzeko elementuek badute etorkizuna beraiei esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo