GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Egun bat Gasteizen

Ostegunean Gasteizen suertatu nintzen. Kasualidadea gero, hango jaiak ziren, eta oraindik badira... Tira, egia esateko, parrandazale profesionala naiz eta jakinaren gainean joan nintzen Gasteizko jaietara.

Eguerdian, Aihotz Plazara abiatu nintzen. Bertsolarien saioa zegoen. Taula gainean zeuden biak ezagunak gertatzen zitzaizkidan. Etxamendi eta Larralde...? Aldameneko gizonari galdetu nion. Ramon y Cajal, esan zidan, eta atzeko emakumeak etzetz, Victorio & Lucchino, eta haren senarrak Sacco e Vanzetti... harik eta gazte batek jaietako programa luzatu zidan arte. Banengoen ni, ba, egin nuen neure artean. Lizaso eta Egaña ziren.

Bertso saioaz gozatu ondoren, pare bat edo sei ardo zuriz ere gozatu nintzen Gaiztogile kalean, Tazonesenera bazkaltzera joan aurretik. Eta bazkalostean, beste pare bat edo zortzi trago jo eta konturatzerako bederatziak ziren, Andra Mari Zuriaren Plazan behinik behin. Handixe abiatzeko zegoen amnistiaren aldeko manifestazio bat.

Hasi da manifa eta bost bat minuturen buruan bi emakume zaharri erreparatu diet, espaloian begira-begira daudela. Halako batean, manifestazioko jende artera sartu dira, ingurua arakatu eta haietako bat neska gazte bati hurbildu zaio. Zerbait galdetu dio eta neskak beste zerbait erantzun. Eta emakumea lagunaren ondoan jarri da berriro.

-Iñaxi, ez omen den prozesioa, manifestazioa baizik.

-Ez den izango!

-Bai ba, hala zion neska horrek.

Aldendu da atzera berriro emakumea neskarekin hitz egiteko eta berehala lagunarengana itzuli.

-Iñaxi, anestesiaren aldekoa omen den.

-Goazeman orduan, Lutxi, igual pagatu egin beharko dinagu eta.

Emakumea neskarengana gerturatu da hirugarrenez eta harekin hitz egin ondoren, lagunaren ondora doa.

-Iñaxi, gratis omen den, eta gainera presoen aldekoa ere baden.

-Etzanela esan...! Orduan pagatu egin beharko dinagu.

-Ezetz, ba, doakoa dala esan din...

-Berdin zion, presoen aldekoa bada, pagatu egingo dinagu, nola ez ba!

Eta han joan ziren biak, manifestazioarekin bat eginda zihoazen blusa eta neska koadrilekin, fanfarreen soinuan jauzika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo