GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

DEIA Pili Kaltzada 2010/8/3

Abertzalea

Hitzak ez dira hizkien segida soila. Hala balira, errazago zatekeen guztia. (...) Batek «kaikua» esan ahal dio bere bikoteari errieta txikia adierazteko, adibidez, hondartzan sartzerakoan zipriztindu egin duelako. Eta begiratu egingo dio eztiki, eta «kaiku» hark oso bestelako esangura hartuko du.

Hitzak ez dira objektiboak, hiztunok ez garelako abstraktuak. Geure subjektibotasunak biziarazten ditu hitzak, aldatzen die esangura, maitasunerako edo gorrotarako bihurtzen ditu arma edo losintxa. Hitzak errealitatea deskribatzen du, eta aldi berean interpretatu egiten du, ikuskera zehatza emanez.

Hau guztia lehendik genekien, eta norbaitek dudarik edo izatekotan, begiratu diezaiola hiztegiari. Azken bolada honetan, Real Academia de la Lenguaren azkenak harrotu ditu hautsak, baina ez da kasu bakarra. Azken berrikusketa kaleratu du RAE-k eta «abertzale» hitzaren esanahia azaldu egiten du, ez du deskribatzen. Aberri-zaletik datorrela dio, (horraino deskribapena) baina gero euskal jatorriko pertsona edo mugimenduei aplikatzerakoan aberri-zale erradikalaren esangura eransten dio. Horra interpretazioa.

Gauzak ikusteko modu hori ez da gero eta estimu txikiagoan ditugun hiztegietara mugatzen. Kalean dago, eta kaletik hartu dute (batere errespetu eta profesionaltasunik gabe hiztegiaren azken edizioa berrikustatu duten linguistek).

Honetaz hizketan aritu gara joan den astean Euskal Herritik kanpora gabiltzan adiskideak. Terraza baten euskaraz ari ginen, eta zerbitzariak tentuz ibiltzeko esan digu, Espainiako parte horretan jendea harrotuta dabilelako futbol-selekzioaren garaipenak puztuta. Harrotuta aberriaren defentsan, auskalo noren kontra. Puztuta aberriaren aldarrian, auskalo noren kontra. Eskerrak geu garen erradikalak...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo