GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

BERRIA Iñaki Petxarroman 2010/8/4

Badaezpada ere, grabatu

Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak atzo Hernanin (Gipuzkoa). Kasuotako harrabots mediatikoan, eta txalo eta laudorioen zaparradan, zuhurtzia eskatzeak ia ameskeria irudi lezake. Atxilotuei leporatu dizkietenak -bereziki gizonari- oso larriak dira, eta hedabide gehienek -ohikoa duten moduan- sinesgarritasun osoz eman dute Poliziaren bertsioa. Kontuz. Ez litzateke-eta lehen aldia hasierako akusazioak ezerezean geratzen direna.

Zuhurtzia. Duela bi urte larrutzen zuten berberak ari dira orain Ertzaintzaren lana goratzen, Eusko Jaurlaritza berriaren «eraginkortasuna» nabarmentzeko.

Eta, oinarrizkoena, atxilotuen eskubideak errespetatu: errugabetasun presuntzioa eta tratu duina jasotzeko eskubidea. Ez da segurtasun indarrekin fidatzea edo ez fidatzea. Salaketak ohikoak dira-eta, badago bide bat, erraz askoa: bideoz grabatu atxiloaldia, oso-osorik, hutsunerik gabe. Eta, salaketa badago, erakutsi bideoa, zalantzak uxatze aldera.

Izan ere, aurtengo urtarrilean bertan Ertzaintzak berak Bizkaian egin zuen beste operatibo batean hainbat atxilotuk tratu txarrak eta torturak salatu zituzten. Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren «izen ona zikintzeagatik» abokatu bat eraman du auzibidera. Bideorik ez du erakutsi, ordea. Ez dagoelako. Durangoko epaitegiko epaile batek, baina, sinesgarritasuna eman dio abokatuari, tramiterako onartu baititu tortura salaketak.

Beraz, zuhurtzia. Eta gardentasuna. Ez da fidatzea edo ez fidatzea. Fidatzea oso kontu subjektiboa da. Probak dira objektiboak. Beraz, badaezpada ere, grabatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo