GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Soto Zigor Aranbarriren laguna

Boluetako mutilen koplak

 

Isildu zaigu eguna, larre ondoan asuna, zuen gomuta saminagoa bihotz gureko kutunak. Eperra garitzan kanta, ehizako zakurrak zaunka, teilatu gorriari dario negar eta odol tanta...

Hamarkada osoa joan zaigu horrela, laukote. Zigor, Urko, Ekain, Patxi. Badira zornatu ez arren bizitzan sekula sendatzen ez diren zauriak eta, denborak aurrera eginagatik ere, negarra eta odola isurtzen dutenak. Eta zuen faltaren zauria horrelakoa da. Urterik urte, tantarik tanta, zuek utzitako zulora ohitzen joan gara ezinbestean, benetan sekula ohitu gabe. Eguna joan eguna etorri, bizi izan ditugun poz eta minek zuekin akordatzearen alaitasun eta atsekabea ekarri izan digute sarri.

Belar gainean bildotsa, haizeak leun du hotsa, etsai-urratsen zarata hitsa gorrotoaren ostotsa...

Izuaren kontrako txertoa izan dira azken urteak, inolaz ere ez oinazearen kontrakoak. Espainiar gorrotoa lege egin da, eta lege anker hori Euskal Herrian ezarri dute, gupidarik gabe. Bakeari leiho bat zabaldu nahi izan diogun bakoitzean, erresuminez itxi digute. Eta galdutako aukera bakoitzaren atzean etsaiak aldi oro uste izan du oraingoan bai, oraingoan azken oldarraldia dela. Horretan hetsi dira. Baina, aukera itxia izan arren, guretzat sekula ez da aukera etsia izan. Zorionez, herria behin eta berriz borrokari itsatsi zaio, mihurak zuhaitzari nola.

Eder basoan haritza, pagoa lerden bortitza, bazter hauetan zenbait jaunskilok erraz jan ohi du bere hitza...

Oraingoan ere, zaharrak berri, pentsatuko duzue, baina bada berririk zaharrean. Izan ere, azkenean, zuek hain hurbil bizi izan zenuten Lizarra-Garaziko prozesua ez zen alferrikakoa izan. Itxaropen eta irakaspen itsulapiko itzela izan zen. Herriak itxaropena gorde zuen, ohi bezala, gasta zezakeen baino gehiago gorde ere. Irakaspena ere izan zen, ederra bezain gogorra. Hain zaila, ezen azken prozesuan errepikatu behar izan baikenuen behin betiko ikasi eta barneratzeko. Irlandako Foroaren emaitza izan zenak, paradoxikoki, Irlandara eraman gintuen berriz, mende bete atzera. Sinn féin... gu geu. Gu geu baikara gure herriaren etorkizunaren berme bakar.

Tamalez, espainiar eta frantziar estatuen irakaspena izan da hori ere. Euskal Herria helburu izan duen edozein herritar elkarteren lana eta elkartzea bera ere estatuen lehentasunezko jomuga izan da. Gure egunkariak, irratiak, alderdiak, antolakundeak... baita euskal herriek sortutako Euskal Herriaren ernamuina ere, guztiari eraso diote, eraitsi, atxilotu, torturatu, epaitu eta kartzelatu egin dute.

Sagarrak daude ustelak, mikaztu dira upelak, lehengo aldean orain gara gu abertzale txit epelak...

Sagarrondoak maldan egon arren, ez dira aldapan behera joan sagarrak, eta han dautza guk beste inon -malda behean, batez ere- bilatu arren. Sarri, guk goldatutako eta ereindako malkarrek eraman gaituzte etsai-urratsen zarata hitsari iskin egitera. Han, malkartegiaren ertzean, salaketari ozta-ozta eutsi badiogu ere, aldarrikapenaren eremu labainkorrera ez gara heldu maiz, ahaztu zaigu ia. Eta horretan ere, Maltzagaraino helduko gara batzuekin, guk, ordea, Eibar helburu, lotsatik urrun, egindakoez harro gaudela esan behar dugu. Bagaudelako. Bizitzan bezala, ez garelako damu egin ditugun gauzengatik, egin ez ditugunengatik baino. Eibarrera nola heldu dakigun bezala, badakigulako jakin Alde Zaharrera heltzeko Boluetatik pasa behar dela ezinbestean.

Ibaia dator uholde, haizea uraren golde, euskal andre-gizonen odola ez da isuriko debalde...

Horretan ere, bakarrik gaude, sinn féin, gu geu. Guhaurren ardura da lurra ukitu duen odol-tanta bakoitza, masailean behera egin duen negar-malko oro, anpuluaren beste aldera igaro den hondar-ale bakoitza etorkizunean ez dadin alferrikakoa izan. Eta isurtze hutsak ez digu ezer ziurtatzen. Ez da ezeren berme, zoritxarrez. Zorionez, gure aurrean parez pare zabalik daukagu etorkizuna. Eta ez gaude beldurrak, ez baikara ezeren jagole, helburu batzuen jarraitzaile eta bultzatzaile baizik. Gu, Monzon bezala, ez gabiltzalako teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila gabiltza. Bergararraren gisa, bide baten edo gehiagoren bila.

Usoak dira igaro, basoak dirau oparo, herriaren magal gozoa dukezue zatoztenean abaro...

Baina oroimena ispilu hautsi piloa da. Horregatik, beldurra ematen eta sufriarazten digu. Maitatu eta galdu duguna dakarkigulako, tai gabe. Batzuetan, finean, ez dakigulako oroitzapena ba ote dugun edo oroitzapen baten oroitzapena asmatu ote dugun. Eta, hala ere, zorionez eta zoritxarrez, atzera begira gaude etengabe, oroimena ispilu hautsi piloa bada ere, gu, oroimena garelako, oroimena ala ia ezer ez.

Hargatik, noizbait denboraren itsasoak gozotuko dituen ispiluen ertz eta ahoak batu eta elkartzeari ekin beharko diogu. Izan ginenaren eta garenaren isla baita izango garena. Izan ere, memoria eskasa, soilik atzera egiten duena! Euskal memoriak, atzera baino gehiago, aurrera egin du eta egingo du. Zuengatik. Zuei esker.

Zelaiak badu hesia, ereina dugu hazia, gure erraietan ernatu duzue askazi ezin hezia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo