GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Esoterismoa

Terapia naturalek jendearen osasuna hobetu dezakete energiaren bidez

Krisi garaian kontsulta magikoek bezero gehiago izaten dituzte, pertsonek indarra emango dieten iragarpen onak behar dituztelako. Gaixotasunak norbait astitzen duenean ere baikortasunez betetzeko formulak behar izaten dira aurrera jarraitzeko, eta horretan, behintzat, adituak dira terapeuta esoterikoak.

p018_f02.jpg

Nagore BELASTEGI

Batzuek mundu magikoaren indarrean sinistuko dute; beste batzuek, berriz, dena gezurra dela esango dute. Baina inork ukatu ezin duena da garai gogorretan baikortasuna izatea ezinbestekoa dela, eta berdin da hori nola lortu.

Esoterismoak, ipuinetako sorgin gaiztoen iruditik urrun, ongizatea eta barneko bakea lortzeko terapia naturalak eskaintzen ditu. Bizimodu hau sutsuki edo zaletasun bezala jarraitzen duten pertsonak asko dira, eta horregatik aurten 17. aldia da Donostian Areto Esoterikoa antolatzen dutena. Gaurkoa izango da bertan aurkitu daitezkeen produktu eta kontsultez baliatzeko azken aukera.

Tarota, runak edo eskuen irakurketa dira, horoskopoarekin batera, etorkizuna iragartzeko erabiltzen diren metodorik ezagunenak. Horiek probatzeko aukera izango dute Miramar jauregira gerturatzen direnak. Horrez gain, wiccan sinboloak, amets-harrapatzaileak, zortea ematen duten sorginak, harri mineralak, kotoizko arropa etnikoa, bitxiak edo intsensua, esaterako, saltzen dituzten postu interesgarriak ere badaude. Bestalde, Tibeteko monjeekin hitz egiteko edo hitzaldietara joateko aukera izango dute.

Energiaren indarra

Mistizismoz beteriko gela bateko paretak «mamuen» argazkiekin zeuden apaindurik, panel informatibo gisara. Atzo, eguerdiko hamabietan aretoa adin guztietako pertsonez betez joan zen, batez ere emakumez. Mª Lourdes Moratinos terapeuta laster hasi zen bere hitzaldia ematen. Orain dela 22 urte ekin zion Seiki (energia erregulatzeko terapia) ikasteari, eta egun, munduan teknika hori kontrolatzen duen bakarra da bera.

Shiatsu Zen teknikan dago oinarrituta Seiki. Energia gorputzean zehar zabalduz, honen funtzionamendua hobetzen du. Teknika honen bidez pazienteak non duen mina jakin dezake, berak dioenez, energia ikusten baitu. Gorputzeko atal guztiak bizkar hezurrean zehar zabaltzen dira, eta minaren kokapenaren arabera, gorputzeko zein atal dagoen gaixo jakin dezake.

Moratinos nahi zuten guztiei bere eskuekin energia desblokeatuz joan zen, gorputzean zehar hobeto igarotzeko. Metodo honekin gaixotasunak sendatzen direla baieztatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo