Talibanek zortzi atzerritar hil dituzte, «kristautasuna zabaltzen» zutela-eta
Mendebaldeko zortzi atzerritarren heriotza bere gain hartu zuten atzo Afganistango talibanek, «kristautasuna zabaltzea» leporatu zietelarik. Sendagileak eta erizainak ziren eta IAM talde kristauarentzako egiten zuten lan. Taldeak ukatu egin zuen bibliak banatzen dituela.
GARA |
Mendebaldeko zortzi giza-laguntzaile -sei estatubatuar, britainiar bat eta alemaniar bat- eta bi afganiar balaz hilda aurkitu zituzten Afganistango ipar-ekialdean. Talibanek bere gain hartu zuten ekintza, «misiolari kristauak» zirela argudiatuta.
«Bost gizon, guztiak estatubatuarrak, eta hiru emakume -estatubatuar bat, alemaniar bat eta britainiar bat- hil dituzte», azaldu zion International Assistance Mission (IAM) talde kristauko zuzendari exekutibo Dirk Fransek France Presse agentziari. Hildakoak sendagileak eta erizainak ziren.
Afganistanen aspalditik lan egiten duen taldea da IAM. 1966an sortu zen eta Suitzan du egoitza. Helburua Kabul, Herat eta Kandaharren dituen zentroetan begietako eritasunak zaintzea dela diote. Hildakoen gorpuak Badakhsan probintzian, Afganistango ipar-ekialdean, aurkitu zituzten ostiralean, bertako Poliziaren arabera.
Fransen arabera, taldeak 4x4 ibilgailuetan bidaiatzen zuen eskualde hori oso malkartsua delako, baina ez zuten segurtasuna bermatzeko guardiarik.
Talibanek indar handia duten Nuristan probintziatik ari ziren bidaiatzen. Gorpuak aurkitu dituzten Badakhskan probintzia, ordea, lasaiagoa dela nabarmentzen dute.
Taldeak zortzi egun eman zituen eskualde horretan, erasotik bizirik atera zen Saifulla afganiarrak esan zuenez, Badakhskango Poliziaren buru Aqa Noor Kintozen arabera.
«Azken egunean, gizon talde armatu bat gerturatu zen, guztiak bildu zituzten, eta hil. Han zituzten gauzak eta dirua lapurtu zieten», gaineratu zuen Aqa Noor Kintozek, Saifullaren bertsioari jarraituz. Honi Koranaren bertso batzuk kantatu zituelako barkatu zioten bizitza, bera ere hiltzekotan zirenean. Musulmana zela ohartu, eta Nuristanen askatu zuten.
Talibanek, France Presse agentziari egindako dei baten bidez, «bederatzi misiolari kristauren» heriotza errebindikatu zuten.
«Galduta zeuden. Gure patruilak topatu zituenean, ihes egiten saiatu ziren, baina hil egin genituen», esan zuen talibanen ohiko eledun Zabihula Mujahidek toki ezezagun batetik egindako telefono deian. «Darieraz idatzitako bibliak, mapak, GPRS sistemak zituzten. Borrokalariak [talibanak] aritzen diren lekuak mapetan margotuak zituzten», gaineratu zuen Mujahidek.
Misiolari izatea gezurtatu egin zuen IAMko buruak. «IAM talde kristaua da. 1966tik gaude Afganistanen, erregearekin, komunistekin, talibanekin. Ongi dakite zertan aritzen garen. Ez dugu bibliarik banatzen. Gezurra da hori», esan zuen Fransek.
NATOko Danimarkako bi soldadu hil ziren atzo Afganistango hegoaldean mina artisau baten eraginez. Horrez gain, Afganistango lau polizia eta zibil bat hil ziren Helmand probintzian gisa horretako minek eztanda eginda.