Andre Maria Zuriaren Torneoa
Zubietaren sintonian
Etxarriko atzelariak erakustaldi bikaina eman zuen ostiral gauean eta biharko finala jokatzeko txartela eskuratu zuen Titinekin batera. Aurrelari bihurri eta atzelari jotzaileekin majo gozatu zuten zaleek.
TITIN III-ZUBIETA 22
BENGOETXEA VI-BEGINO 18
Asier AIESTARAN
Titin III.ak eta Zubietak osatutakoa da aurtengo Andre Maria Zuriaren torneoko lehen bikote finalista. Tricioko aurrelariak eta Etxarriko atzelariak izerdi asko bota behar izan zuten ostiral gaueko lehen finalerdian Oinatz Bengoetxea eta Aritz Begino 22-18 mendean hartzeko, eta bihar gaueko finala berezia izango da bientzat. Titinek Gasteizeko lehiaketa hamargarren aldiz irabazteko aukera izango du; Zubietak, aldiz, bere udako lehen torneoa irabaz lezake Ogetan.
Eta finala irabazteko aukera asko dituztela esan beharra dago, batez ere Aitor Zubietak azken boladan erakutsi duen joko mailarekin jarraitzen badu. Etxarriarrak aurreko egunetan emandako erakustaldien boladari jarraipena eman zion Gasteizen eta partidaren doinua berak erabaki zuela esan daiteke, berak jotako musikaren arabera egin zutela dantza laukoteko beste hiru lagunek.
Hasieratik oso indartsu hasi zen Aspeko atzelaria eta Titinek ongi baliatu zituen lehen pilotakada horiek tanto on mordoxka egiteko. Gainera, sasoi betean dabilen Oinatz Bengoetxea ere aurreko koadroetako saltsan bustitzeko prest azaldu zen, eta Ogetara hurbildutako zaleek gogotik gozatu zuten bi aurrelarien tiki-taka horrekin. Tanto ederrak ikusi ziren eta txalo zaparrada ozenak entzun.
Lehen zati horretan gehien huts egin zuena Aritz Begino izan zen. Auzako atzelaria jarri ezinik ibili zen pilota askotan, gozakaitz, eta hark galdutako piloten erruz -zortzi izan ziren guztira, gehiegi goi-mailako torneo batean garaipena lortzeko-, gorriek tartetxo txiki bat hartu zuen markagailuan (10-7).
Hala ere, pilota aldaketekin asmatu egin zuten urdinek, eta Zubietaren nagusitasuna nolabait txikiagotzea lortu zuten materialarekin jokatuz. Beginok gutxixeago sufritzen zuen modu horretan eta Titin, berriz, askoz bortxatuago sartzen zen aurrealdean. Aldaketa hori markagailuan ere nabaritu zen, Asegarceko pilotariak 10-7 galtzen joatetik 11-14 aurreratzera pasatu ziren-eta.
Oinatz Bengoetxearen minutu onenak izan ziren, tanto sorta galanta sartu zion Titini aurreko borroka horretan, eta Zubietaren haserrea ere nabarmena izan zen. Markagailuari buelta ematea lortzen ez zutela ikusita, atzelari gazteak atsedena eskatu zuen bere kabuz eta behin eta berriro eskatu zion Titini dudako pilotak berari uzteko, gakoa atzean nagusi izatea baitzen gero ikusiko zenez.
Ez zegoen hilda
Esan eta egin. Bere pilotarekin, azken txanpan Zubieta onena ikusi genuen berriz ere, eta desagertuta zirudien Titinek ere bere azken hitza esan gabe zuela erakutsi zuen. Bereak izan ziren azken tanto onenak eta haren amorrazio garrasiek argi erakutsi zuten motibazio berezia zeukala biharko finalera sailkatu eta Gasteizeko Torneoa hamargarren aldiz irabazten saiatzeko. Kopuru eta lorpen ikusgarria izango litzateke, errioxarrak Andre Maria Zuriaren Torneoa lehen aldiz orain dela 17 urte, 24 urterekin, irabazi zuela kontuan izanez gero. Inaxio Errandonea zuen bikote eta finalean Alustiza eta Maiz menderatu zituen.
«Bederatzi aldiz irabazi eta hamargarrena lortzeko aukerak izatea hemen urte askotan jokatu izanaren seinale da batez ere», aitortu zuen txantxetan, finalerdia amaitu ondoren. «Frontoi hau esker onekoa da aurrelari errematatzaileontzat, beti oso ongi moldatu izan naiz hemen eta pozik bueltatzen naiz urtero-urtero. Azken batean, politena gaur bezala harmailak beteta ikustea da, eta Iruñean bezalaxe, hemen ere giro bikaina dagoela ikustea».
La feria de La Blanca sigue su curso y el festival de hoy (22.15) ofrece dos encuentros interesantes. El estelar servirá para poner en juego el ya habitual desafío del vino entre empresas, cuyas parejas se anunciaron ayer mismo. Asegarce presentará una pareja formada por Oinatz Bengoetxea y Alexis Apraiz. El delantero está en muy buena forma y el viernes por la noche cuajó un buen partido contra Titín III. En cuanto a Apraiz, que no ofreció su mejor versión el jueves, es probable que en un partido con menos tensión pueda hacer un partido mucho más completo. Aspe, por su lado, dará la alternativa a Aritz Laskurain en la zaga para acompañar al delantero eliminado en la semifinal de anoche, Irujo o Xala.
Mientras, el tercer partido será la final del Torneo Individual Promoción, que enfrentará a Stephane Lemuno, verdugo de Albisu, y David Merino, que eliminó a Ladis Galarza por 22-16 en la segunda semifinal disputada el viernes por la noche. Merino II, que acaba de debutar con Aspe, mostró más recursos que un rival muy luchador y que ofreció buenas prestaciones. La pugna se decidió en el saque y el resto.
A.A.
«Frontoira inolako minik gabe etortzea sekulakoa da, orain pilotan bakarrik pentsatzen dudalako. Augusto ere momentu onean dago eta aukera ona izango da nire lehen torneoa irabazteko. Hala ere, hemen ezin bada, Zarautzen irabazten saiatuko gara».