GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

KAE-1

Isuntza bueltan da igoera kanporaketarako borrokan

Lekeitiarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten eta sailkapen nagusiko muturra asko estutu da.

Ander GARTZIA

Momentu erabakigarriak iristear diren une berean hartu du «Lekittarra» traineruak sailkapeneko muturreko postuetaraino eraman dion olatua, eta hala, popadan, maisutasunez erdietsi zuen denboraldiko bigarren bandera. Isuntzak egutegiko aurreneko zitaz geroztik ez zuen beste garaipenik lortu, baina orain arte erakutsitako erregulartasunari esker, sailkapeneko bigarren postuan dira Santurtzirengandik bi puntura.

Lekeitiarrak iaioak dira itsas zabalean jokatutako estropadetan, bizileku baitute olatu aparrez apaindutako itsasertza, eta nahiz eta atzokoan Plentziako itsasbazterra ezin lasaiago egon, erakustaldia eman zuen Josu Aboitizen koadrilak olatu txiki bezain apurren gainean. Horren lekuko da lekeitiarren aurreneko bueltako lana: 6 segundo atera zioten Camargori eta 7 santurtziarrei. Iñaki Goikoetxea patroiak zuzendutako ontziak buelta eman zion norgehiagokari lehen baliza atzean utzi ondoren, eta ederki eutsi zion brankaz bigarren luze dotorean lortutako errentari.

Ondorengo koadrila eseri zen «Lekittarra» ontziko tostetan: Gorostiza, Galindez, Akarregi, Lopez, Badiola, Eiguren, Calleja, Rodriguez, Goikoetxea, Galdiz, Leniz, Gutierrez, Goitia eta Sagua patroi lanetan.

Hala ere, bizkaitarrek galtzak bete lan izan zituzten estropadaren burura iristeko, batik bat aurreneko luzean kantabriarrek eta santurtziarrek eskainitako maila apartagatik. Camargok hasierako txanpa indartsuaz baliatuta hanka egitea lortu zuen aurreneko paladetan eta berea izan zen lehen ziabogako denborarik azkarrena. Aurreneko postua galdu eta gero ere, ederki aritu ziren arraunean eta garesti saldu zuten bandera. Kantabriarrak denboraldi paregabea osatzen ari dira baina dagoeneko lau garaipen lortu arren ez dira gai izan aurreneko bi postuetan kokatzeko.

Sailkapena estutu da

«Sotera» ontziak, ostera, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Moreak indartsu atera ziren estropada txikitzeko xedetan, baina lehen maniobra kaskarra egin eta gero ez zuten lortu aurreko bikotearekin bat egitea. Hortxe bukatu ziren bizkaitarrentzat garaipena eskuratzeko aukerak eta erreskadan lortu zituzten hiru garaipenetan pilatutako abantaila murriztu zaie. Laugarren tokian Zierbena sailkatu zen ia 20 segundora, eta bosgarrenean, bigarren txandan jaun eta jabe izan zen Orio. Atzekaldean, Trintxerpe da azkena.

Plentziako XII.ikurrina

Aboitiz: «Gogor eutsiko diogu postuari»

Garaipena erdietsi zuen koadrilaren prestatzailea, Josu Aboitiz, pozik eta itxaropentsu azaldu zen Plentzian jokatutako estropadaren amaieran.

«Oso pozik gaude lortutakoarekin. Hasieran urduri ibili gara baina estropada borobila gauzatu dugu. Gainera, behin bigarren postu hau eskuratuta, gora begiratu beharra daukagu. Temati eutsiko diogu postu horri», azaldu zuen lekeitiarrak. Halaber, Aboitizek bere mutilen lana goraipatu zuen eta bigarren luzean eginiko lana: «Entrenatu eta entrenatu aritu gara olatuetan, atzerantz eta aurrerantz eta bagenekien lehenago edo beranduago iritsiko zela garaipena. Joan den astean ere gertu izan genuen baina Camargo ere indartsu dabil».

Lehen estropadaz geroztik lekeitiarrek ez zuten beste garaipenik eskuratu atzora arte, baina «Lekittarra» ontziaren entrenatzailearen esanetan prestaketan dago gakoa: «Orain arte aldaketa ugari egin ditugu ontziko tostetan, lesioak tarteko, eta badirudi azken asteetan lortzen ari garela talde sendo bat. Gauza txikiak hobetu behar ditugu baina trainerua finkatzen ari da».

A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo