«Face to Face», Elvis Presley eta Michael Jackson omentzen dituen ikuskizuna, gaur, Zarautzen
Frederick Henry eta Greg Miller estatubatuarrak, Las Vegasen izar handiak diren bi aktore, Elvis Presley eta Michael Jacksonen azalean ikusi ahal izango dituzte gaur zarauztarrek, «Face to Face» ikuskizunean.
GARA | ZARAUTZ
«Face to Face» ikuskizunak Rockaren Errege Elvis Presley eta Poparen Errege Michael Jackson omentzen ditu horien ibilbide artistikoa gainbegiratuz. Greg Miller zein Frederick Henry ditu izar nagusi, Las Vegas hirian (AEB) oso ezagunak diren antzezleak. Bi aktore nagusiekin batera, hogei laguneko musikari eta dantzari taldeak osatzen du lan taldea.
Zarauzko Udaleko arduradunek adierazi dutenez, ikuskizuna oso aproposa da «familiartean ikusteko, bi musikari protagonistak mundu osoan eta belaunaldi ezberdinek ezagutzen baitituzte». Gainera, iaz «ABBA the show» lanak izan zuen arrakasta dela-eta, aurten ere antzeko hitzordua egiteko gogoa zuten. Eta «Face to Face» da hautatutako ikuskizuna, «erreferentzia bikainak baititu».
Greg Millerrek Elvisen papera antzeztuko du, eta Frederick Henryk, berriz, Jacko antzeztuko du. Batak zein besteak casting gogorrak gainditu dituzte horretarako, Las Vegasen ez ezik, Los Angelesen eta New Yorken egin direnak. Gero bost hilabete luzeko entseguak ere egin dituzte, Steve Beyerren gidaritzapean. Izarrak imitatzen izen handia du Beyerrek eta, besteak beste, Shakira, Jerry Lewis eta Gloria Estefanen azalean sartu izan da beste ikuskizun batzuetan, Las Vegasen orain bi hamarkadatik antzezten duten «Legends in Concert» ikuskizunerako, kasu.
Miller eta Henry antzezleengana bueltatuta, biak ala biak «American Superstar» laneko protagonista izanak dira, eta kritika bikainak jaso izan dituzte. Pertsonaien itxura hartzeko bi orduko makillaje saioak behar dituzte, eta Millerren kasuan, Elvisen antz izugarri handia ematen diote. Horregatik, Rockaren Erregearen imitatzaile legez ospe handia du, ahotsa eta mugimenduak ere ondo ikasita baititu (Elvisenena egin zuen «Leaving Las Vegas» film ezagunean ere).
Aitaginarreba eta suhia
Bestalde, Frederick Henryk egiten duen lana, Michael Jacksonen azalean sartuta, pertsonalagoa da. Eta, bukatzeko, gogoratu beharra dago batak zein besteak antzezten duten pertsonaia ezagutzeko parada ere izan zutela.
Benetako Elvis Presley eta Michael Jackson familiarteko ere izan ziren, afroamerikarra kamioizalearen alaba Lisa Maryrekin ezkondu baitzen 1994. urtean. Hala eta guztiz ere, ez ziren inoiz elkarrekin oholtza gainera igo. Gaur Zarautzen egingo dute show-a, eta bertaratzen direnek «Black or white» zein «It´s now or never» kantuak dantzatuko dituzte, ausartuz gero.
Pop eta rock estatubatuarrak eman dituen izarrik ezagunenen ibilbide artistikoa gainbegiratzen du «Face to Face» ikuskizunak, eta Michael Jacksonen zein Elvis Presleyren kantu ezagunenak entzuteko aukera ematen du.
Ikuskizuna: «Face to Face». Data: Gaur.
Lekua: Munoa (Zarautz).
Ordua: 23.00etan.
Sarrera: Doakoa.