GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Urduritasunari aurre egin, eta primeran jaurti zuten txupinazoa Leitzako jaietan

Maite Iturraldek izan zuen, besteren artean, atzo Leitzako jaiei hasiera emateko ardura. Okile lantegiko arduradun Pablo Feo bertan egon ez zen arren, bikain bete zuten lana bere lankideek.

Izaro ARBILLA | LEITZA

«Oso urduri nago, hau miseria», horrela azaldu zuen Maite Iturraldek bere egonezina suziria botatzeko ordu eskas falta zitzaizkionean. Aurtengoan beraiek dira protagonista, Okile lantegiko kideak, ahalmen urritasuna dutenak.

Arratsaldeko seietarako Leitzako plazan nabarmena zen festa giroa. Udaletxeko balkoian, berriz, urduritasuna. Izan ere, «herriko jaien hasiera iragartzea ardura handia da». Alta, ez zen harritzekoa dena primeran irten izana, asteak zeramatzaten entseatzen dena bikain atera zedin.

Maitek suziriei beldurra dien arren, argi zeukan, bere ahizpa Arantxaren laguntza jasota, ez zela arazorik izango. Eta hala izan zen; lantegiko arduradun Pablo Feo izan ez zen arren, guraso eta lagunen laguntzari esker, ez zuten inongo ezbeharrik izan.

«Pablo egotea nahiko genuke», azaldu zuen Maitek. Ez da harritzekoa, Maiteren ahizpa Arantxaren arabera, «ezinbestekoa da leitzarrak bere kideekin egiten duen lana». Egunero joaten dira tailerrera, zortzi ordu inguru aritzen dira eta «oso ongi moldatzen dira». Maite, adibidez, Iruñean bizi den arren, egunero hurbiltzen da Leitzara.

Iaz proposatu zieten Okile lantegikoei suziria botatzea, baina Pablo oporretara joan ohi da festetan eta ezezkoa eman zioten proposamenari. Aurten berriz proposatu diete eta, arduraduna oporretara zihoan arren, aurretik argi utzi zuen ez zuela arazorik ikusten. «Oso animatuak eta autonomoak dira». Beraz, bere beharrik ez zutela izango garbi utzita, kideen esku geratu zen.

Okile tailerrak 19 urte daramatza ahalmen urritasuna duten pertsonekin lanean. Egun, 6-7 lagunek dihardute lanean eta Pablo da arduradun bakarra: «Lankideak dira. Finean, nik baino lan gehiago egiten dute».

«Ez dira galduko»

Leitza bezalako herri batean izugarrizko garrantzia du Okile tailerrak. «Batzuk animatuak diren arren, tailerrik ez balego, agian etxezuloan sartuta egongo lirateke», azaldu zuen Pablok. Horregatik, bere lana taldeak herriarekin nolabaiteko lotura lortzea dela azaldu du. Udalerako hainbat lan egiten dituzte, orain, adibidez, aulki zahar batzuk tapizatzen ari dira.

Gurasoek lagunduta bota zuten suziria atzo, baina Pablok argi dauka «laguntza emozionala» izan zela, ez «beharra dutelako».

Leitzan ezaguna oso den kide batek, Lontxok, piztu zuen azkenean suziria. Incansables txaranga «zuzentzen» du urtero eta, aurten urduri zebilen bi gauzak egiteko astirik izango ote zuen pentsatzen. Beraz, atzo txupinazoa bota orduko, korrika jaitsi zen txaranga zuzentzera.

Pablok arrazoia zuen, antza, ez zirela galduko nabarmendu zuenean.

Okile tailerra mantentzen Udalak du ardura gehien. Nafarroako Gobernuaren laguntza ere jasotzen du, baina Leitzako Udalak %75 jartzen du. Beraz, tailerretik Udaleko hainbat lan egiten saiatzen dira, jarrera ona mantentzen batez ere eta laguntzen.

Hainbat jarduera

Herriarekin lotura mantentzeko hainbat jarduera egiten dituzte, garbitegi zerbitzuarekin edota paperarekin zerikusia duten lanak. Enkarguak jasotzen dituzte eta sekulako erraztasunarekin aritzen dira jendearekin

okileko lankideak

Estitxu Zabeleta, Milagros Labaien, Ana Diosdado, Maite Iturralde, Jose Mari Zabaleta eta Lontxo Perurena dira okile tailerreko kideak eta Pablo Feo arduraduna. Egunero zortzi orduz aritzen dira elkarrekin

Egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango dute leitzarrek

Atzo, txupinazoa arratsaldean izan zen arren, goiz partetik jada hasia zen festa Leitzan. Herri kirolez eta Elkartasun Kanta bazkariaz gozatzeko aukera izan zuten karpan, Kuxkustu txarangarekin batera. Arratsaldean, Incansables txarangak girotu zuen herria, txistulari, gaitari eta buruhandiek lagunduta.

Gaurko eguna dianekin eta entzierroarekin hasiko dute goiztiarrek. Hala ere, gaur, San Tiburtzio egun handia izanik, 12.00etan ezpata-dantza ikusteko bilduko dira herritarrak, baita bezperan parranda egindakoak ere. Arratsaldean fanfarrea eta herri kirolak izango dira plazan. 20.30ean «komuneko paperean» izeneko poesia musikatua entzuteko aukera izango da karpan. Eta aurtengo berrikuntza esanguratsuena, gaueko 02.00etan izango da, zezenak eta txaranga izango baitira plazan.

Bihar, paella-lehiaketa izango da goizeko hamaiketan eta Kukubiltxoren «Txirrikiz» ikuskizuna, plazan, 11.30ean. Gauean, Tximeleta taldearekin dantzaldia izango dute leitzarrek plazan.

I. A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo