GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Bihotzak eta adimenak bereganatu?

 

Zur eta lur geratu dira mundu parte honetan, batik bat Erresuma Batuan, nazioarteko gorabeherez arduratzen diren guztiak Benazzir Bhuttoren alargun eta 2008az geroztik Pakistango lehendakari Asif Ali Zardarik erakutsi duen barrena ikusita. Izan ere, bere herrialdearen zati handia sekulako uholdearen pean itotzeko zorian dagoenean, hildakoak milaka direnean... Zardarik ez du minutu bakar batez ere laburtu nahi izan Erresuma Batura egiten ari zen astebeteko bisitaldi erdi-partikularra. Eta jendaurreko ekitaldi bakanetako batean herrikide batek jaurtiki dion oinetakoak ere ez du akuilatu gizontxoa.

Galdera egin ahal izan zaion abagune bakarrean, Pakistanen bere Gobernua ari dela uholdeari aurre egiteko lanean erantzun du. Ez oso taxuz, ordea, dirudienez. Usu etsaia ez duen «The Guardian»-ek ere hala adierazi dio lehendakari mukerrari agurreko hausnarketan: «Pakistango demokrazia ahulak kalte latza pairatu du, herrialdeak bere historia modernoan jasandako uholderik handienari Gobernuak eman dion erantzun eskasagatik eta Zardarik Erresuma Batura egin duen bisitaldiaren inguruko ika-mikagatik; aldiz, laguntza helarazten saiatu diren heinean, militarrak dotoretu egin direla uste dute analistek». 

Era bertsuan epaitu dute denek Zardariren jarrera: Erresuma Batura egin behar zuen bidaiaren benetako xedea -han ikasten ari den bere seme Bilawalen karrera politikoa abiaraztea- funtsezkoagoa zela beretzat pakistandarren %10 inguru beren bizilekuetatik ihesi joanarazi dituen anabasari aurre egiten ahalegintzea baino. 

Eta tipoaren biografia gogoratuz gero, ez dago zalantza izpirik: «Playboytza»tik politikara, eta Awami alderdiko jauntxoteriatik PPPko gailurrera jauzi egin zuen azeri honen balioen artean ez da inoiz aurkitu ahal izan txiroenganako bihozberatasunik edo antzekorik. Guztira, hamar urte baino gehiago eman ditu kartzelan; etsaien jazarpen politikoagatik, esango du berak, baina besterik adierazten dute hemerotekek: dozenaka eroskeria kasutan nahasita egon da (Mr. %10 gaitzizenaz ezaguna zen Zardari bere emaztearen agintaldian), eta hilketen eragile izatea ere egotzi zaio (haietako bat, Murtaza bere koinatuarena). Horri guztiari gaineratzen badiogu nola erabakia den Bilawal semearen oinordetza (amak halaxe ebatzi zuelako bere testamentuan, partidua familiaren jabetza ugarietako bat balitz bezala, mutikoak 19 urte zituenean), ulergarriagoak egiten dira Pakistango goi-politikagintzaren berezitasunak.

Baina horrek berak egiten du sinesgaitzagoa orain zur eta lur ageri direnen harridura. Ez ote zekiten ba noren besotik zebiltzan ingurune estrategiko hartan? Haraino joan gabe ere, Suitzako epaitegi artatsuetan Zardariren aurka bizirik dirauten auzi itsusiak ahantzi ote dituzte bada? Edota orain konturatu ote dira Al Kaedaren -edo auskalo zeren- kontrako gerra amaiezin horretan helburu estrategikotzat hartu dutena (muturreko islamismoaren jarraitzaile izan daitezkeenen «bihotzak eta adimenak bereganatzea») ezinezkoa dela... lekuan lekuko alproja lotsagabeena adiskidetzat hartu eta harekin bat eginda?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo