Aizkora Txapeldunen Liga
Floren Nazabalek lehen postua bideratuta dauka
Etxarriko aizkolari handiak ongi menderatu zuen Anjel Arrospide, eta sailkapen nagusiko lehen postuan bakar-bakarrik kokatuta geratu da jadanik.
Jon LEUNDA
Floren Nazabal da egungo aizkolaririk onena, eta hori argi eta garbi uzteko, garaipenak bata bestearen atzetik lortzen ari da. Larunbatean Arabako Irekia irabazi zuen, baita biharamunean Latasaren Oroimenezko Torneoa bereganatu ere. Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako lehen postuan ere kokatu da, Arrospide mendean hartuta.
Herenegun Sodupen lehiatu ziren Txapeldunen Ligan Etxarrikoa eta Leaburukoa, eta ia proba guztiak irabazi zituen nafarrak. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten. Hirugarren lanean, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda izan zituzten esku artean. Laugarren lanean, 60 ontzakoa erdibitu behar zuten, eta bosgarrenean, kana-erdiko bat zutik. Azkenik, lau kana-erdiko moztu behar izan zituzten.
Kolpekakoan berdinduta amaitu zuten bi aizkolariek; izan ere, 36na kolpetan bota zituzten biek enborrak. Erlojuz kontrakoan Nazabal gailendu zen, 45 ontzakoa minutu bat eta segundo batean bota ostean, bi segundo atera zizkiolako gipuzkoarrari. Hirugarren lanean minutu eta 55 segundo behar izan zituen 45 ontzako bat zutik eta bestea etzana mozten, eta beste bi segundoko tartea kendu zion Arrospideri.
Laugarren lana, 60 ontzakoa alegia, 2 minutu eta 17 segundoan amaitu zuen, eta 2 minutu eta 26 segundo behar izan zituen Leaburukoak. Azken-aurreko lanean, kana-erdiko enborra zutik jarrita moztea, alegia, minutu bat eta 46 kostatu zitzaion Floreni, eta 2 minutu eta 6 segundo Arrospideri.
Iraupen proba, berriz, 7 minutu eta 45 segundoan amaitu zuen Nazabalek, eta 8 minutu eta 2 segundoan, berriz, Arrospidek. Lan guztiak burutzeko, 15 minutu eta 20 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 16 minutu eta 10 segundo, berriz, Arrospidek.
Emaitza horren ostean, sailkapen nagusiko lehen postuan jarri da Nazabal, eta txapela lortzeko beste urrats bat gehiago eman zuen Sodupeko saioan.
Latasaren oroimenezkoa
Sunbillako pilotalekua gainezka egon zen igande arratsaldean, Latasaren oroimenezko torneoa ikusteko asmoarekin bertaratutako lagunez. Guztira bi lehiaketa jokatu ziren; bata maila nagusikoa, eta bestea gazteena.
Maila nagusikoan, Floren Nazabal tartean baldin bada, bera izaten da beti faborito, eta beste behin ere ez zuen hutsik egin Etxarrikoak, txapela jantzita joan baitzen Sunbillatik. Herriko aizkolari bat, Felix Etxeberria, zuen lagun, eta bien artean lan bikaina egin zuten, egin beharreko lan guztiak 31 minutu eta 40 segundoan burutuz. Egin beharreko lau lanetatik hirutan atera zen garaile bikote nafarra.
Bigarren postuan amaitu zuten Lopezek eta Arrospidek osatutako bikoak. Horiek ere sekulako lana egin zuten, baina amaieran amore eman behar izan zuten. Lezaungoak eta Leaburukoak lan guztiak 32 minutu eta 30 segundoan amaitu zituzten. Azken postuan geratu ziren, berriz, Larretxea eta Mindegia. Hauek 35 minutu eta 37 segundoan amaitu zituzten lau lanak .
Gazteen proba ere ikusgarria suertatu zen, maila onean eta indarrarekin datozela erakutsi baitzuten. Amaieran Mugertza II.ak eta Rekondok lortu zuten txapela, jokatutako hiru probetatik bi irabaziz. Lan guztiak burutzeko 18 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten. Beste bi bikoek ere ez zuten lan txarra egin, baina garaileek jarritako erritmoari jarraitzea ia ezinezkoa egin zitzaien. Bigarren postuan amaitu zuten Larretxeak eta Atutxak, lanak 19 minutu eta 46 segundoan amaituz, eta hirugarren postuan, berriz, Erasun eta Otaegi geratu ziren. Zizurkilgoaren eta Aurtizkoaren denbora 21.21 izan zen.
Jokatu beharreko sei probetatik bostetan atera zen garaile Etxarriko txapelduna. Lehenengoan, kolpekakoan, Arrospiderekin berdinduta amaitu zuen, baina hortik aitzinera nagusi izan zen nafarra.