Kanporaketa
Kañamares eta Otaño finalera sailkatu dira
J.L.
Julen Kañamaresek eman zuen atzo ezustekoa Aian jokatu zen Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa irabazi ostean. Berarekin batera, saioa irabazteko faborito nagusia zen Unai Otaño sailkatu zen finalerako.
Guztira bederatzi aizkolari neurtu ziren, azken orduan kirolari batzuek ezin izan baitzuten parte hartu, lesioak direla-eta. Lehiakide bakoitzak lau enbor kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta lehen bi sailkatuentzako baino ez zen finalerako txartela. Jende ugari batu zen Aian, kanporaketa hau zuzenean jarraitzeko.
Unai Otaño eta Josu Aizpuru ziren finalera sartzeko faborito nagusiak. Ibarrakoak, zigorra gainditu ostean lehen Euskal Herriko Txapelketa zuen, eta lehen zuen maila berreskuratzeko asmoarekin ekin dio aurten. Bera zen atzokoa irabazteko faboritoa, eta txapela janzteko faboritoa ere bera da. Lehen enborretan nahikoa gaizki aritu zen, halere; baina apurka-apurka lehia ondo bideratu zuen, eta helburu nagusia -hau da, finalean sartzea, azken batean horrek baitu balioa- lortu egin zuen.
Josu Aizpuruk besoan min hartu zuen udaberrian, eta agian bere onera heltzen apur bat kostatu egin zaio. Nuarbetarrak datorren urtera arte itxaron beharko du, aurtengoan ez baitu finalean izateko txartelik lortu. Laugarren amaitu zuen atzoko kanporaketa, baina postu horrek ez zuen inongo saririk, eta finaletik at geratu da.
Ezusteko nagusia Julen Kañamaresek eman zuen. Aroztegikoa behetik indartsu datozen aizkolari gazte horietakoa da, eta atzo finalera sailkatzeaz gain, itxura oso ona eman zuen. Finala, ordea, beste kontu bat izango da, lana ere handia izango baitute aizkolariek.
Atzoko beste ezusteetako bat Loiarte beteranoa izan zen. Otañorengandik oso gertu geratu zen. Ez da finalean izango, baina oso gertu amaitu zuen.
Atzokoarekin, jadanik lau daude finalerako sailkatuta, izan ere, Jauregi eta Erdozia lehendik sailkatuta daude. Beste bi postuak noren esku geratzen diren datorren asteartean argituko da Azkoitian.