GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Hamabostaldia Gipuzkoara zabalduko du Musika Aitzakia zikloak

Donostiako Musika Hamabostaldia Gipuzkoan barrena ibiliko da Musika Aitzakia zikloa dela-eta. Guztira lau kontzertu izango dira hiriburutik kanpo: Itziarren, Zumaian, Mutrikun eta Orion. Gainera, gaur Askizutik (Getaria) Elorriagarako (Itziar) ibilaldi musikatua egingo dute, kostaldeko Done Jakue Bidean zehar, eta geldialdiak egingo dituzte, musikaz beteak.

p040_f01_203x108.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Hamabostaldiak aurrera jarraitzen du, eta Musika Aitzakia ziklo berezia aurkeztu zuten atzo. Berezitasuna emanaldien kokalekuek emango diote. Izan ere, Gipuzkoako hiriburutik kanpo izango dira kontzertu horiek, Done Jakue Bidea Gipuzkoan atala dela-eta.

Atal horretarako antolatutako ekitaldi guztiek Done Jakueren Bidea izango dute ardatz, eta Urte Santua ospatzeko beste modu bat izango da. Aukeratutako ibilbidea Done Jakueren Iparraldeko Bidea edo Kostaldeko Bidea da, biderik zaharrena.

Bideari jarraituz, kontzertu guztiak Itziar, Zumaia, Mutriku eta Orion gauzatuko dira. Bestalde, ibilaldi moduan antolatutako erromeria bat egingo dute gaur Askizutik Elorriagarako tartean, eta Erdi Aroan Santiago Bidean izaten zen giroa berreraikiko dute bertan. «Getaria eta Deba musikaren bidez lotuko dituen bidea» izango da gaurkoa, azaldu zuen Andoni Alonso Hamabostaldiko kideak.

Goizean abiatu, 10.00etan, eta eguerdirako bukatuko da, 13.00etan. Bidean zehar geldialdiak egingo dituzte, eta musika jartzeaz arduratuko dira Getariako Gazte Alaiak Txistulari Taldea, Zumaiako Beheko Plaza abesbatza, Zumaiako Musika Eskola eta Galiziako Etxeko gaitariak.

Kontzertuei dagokienez, nabarmentzekoak dira Conductus Esemble taldearen emanaldia eta Olatz Saituak, Ainhoa Zubillagak eta Eugenio Tobalinak osatutako hirukotearena.

Hirukote horrek Mutriko Kalbarioko baselizan emango du ikuskizuna bihar, Pablo Solozabal, Jose Tomas Mujika, Aita Donostia edo Jose Mari Iparraguirre musikarien obrak joz, «Urrundik» izeneko programari jarraituz. Hori osatzeko, ondarea berreskuratzeko lana egin dute, «euskaldunek egindako musikaren berreskuratzeko lana», hain zuzen, Eugenio Tobalinak, hirukoteko gitarra-jotzaileak azaldutakoaren arabera. Hautatutako autore horiek bi ahots eta gitarraren akonpainamendurako idatzitako obrak hartu dituzte kontuan. «Musika jantziaren eta herrikoiaren arteko fusioa da», esan zuen Tobalinak. Programako obra asko euskaraz idatzitakoak dira, eta beste batzuk, seguidillak eta boleroak.

Ezteiak, Urruñan

Bestetik, ostiralean, Andoni Sierrak zuzentzen duen Conductus Ensemble taldeak Urruñako San Bizente elizan emango du kontzertua. Antolatutako programak Luis XIV.aren eta Austriako Maria Teresaren arteko ezteiak gogoratuko ditu, duela 350 urte ospatu baitziren Lapurdiko Donibane Lohizunen.

Hasiera batean, kontzertuaren oinarria ezteiak ziren, baina oroimen baten modura egitea interesgarriagoa iruditu zitzaion Sierrari. Ardatza Marc Antoine Charpentierren «Assumpta est Maria» meza izango da, eta besteak beste, Louis Couperin eta Giovanni Pierluigi Palestrinaren obrak entzungo dira.

Programaren izenburua «Huts egindako harreman baten kronika. Luis XIV.aren eta Austriako Maria Teresaren ezteien oroitzapenezko kontzertua» da. Izan ere, ezkontza hura bi monarkiak elkartzeko hitzarmen bat izan zen, negoziazio-prozesu konplexu bat itxi zuen; beraz, amodioak ez zuen inongo garrantzirik izan, «amodioaren ospakizuna izan ezik, beste edozer izan zen», adierazi zuen Sierrak izenburuaren zergatia azalduz.

«Biziki tristatzen nau nire bihotzeko kutuna eskaini eta sakrifikatu beharrak negozio hau errazteko», onartu zuen Felipe IV.ak bere gutun batean. Eta Maria Teresa emazte gazteak, ildo beretik, «nire ezkontza-egunaz geroztik ez dut zorion-unerik batere izan» ohartarazi zien bere hurbilekoei hiltzear zegoela. Beraz, hori da izenburu hori erabakitzearen atzean ezkutatzen zen arrazoia, ezteiek inguruan izan zuten tristura hori.

Dena dela, kontzertura bertaratzen direnei eskainiko dieten programarekin batera emango duten orrialde batean idatziz azaltzen dute kontakizun hori. Izan ere, Sierraren ustez, «azalpen hori jaso gabe, jarritako izenburua ez da ongi ulertzen».

NOBEDADEA

Hamabostaldiak erromeria ibiltari bat antolatu du gaurko, Getaria eta Deba musikaren bidez lotuko dituena. Zazpi kilometro inguru dituen ibilbidean zehar, txistulariak, gaitariak eta abesbatza bat entzuteko aukera izango da Kostaldeko Bidean zehar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo