Hondamendiek mundua zeharkatu dute
Pakistan, Txina eta Kaxmirren azken egunotan izan diren euri jasek benetako hondamendia eragin dute. Milaka hildako eta sei milioitik gora kaltetu, NBEren arabera. Hori da Asiako eskualde horietan gertatutako tragediaren behin-behineko balantzea eta nazioarteko laguntzaren premia bizia nabarmena da. Hala ere, uholde horiek ez dira uda honetako hondamendi bakarra. Errusian inoiz izan den berorik handiena eta suteak ere mehatxu nabarmena dira oraindik; Ozeano Barean, Vanuatutik gertu, lurrikara batek tsunami txiki bat sorrarazi zuen, kalte handirik eragin ez bazuen ere... Zenbait adituk diotenez, hondamendion arteko loturarik sumatzen ez badute ere, horrelako gertaerek berotegi-efektuko gasek nahasitako klima batean errepikatu eta areagotzeko joera dute. Hala ote den susmoak ugariak eta ondo funtsatuak dira. Eta munduko herrialdeen -batez ere aberatsen- erantzukizuna handia da, erakusten duten arduragabekeria bezain handia. Bestalde, horrelako hondamendi naturalak saihestezinak dira neurri handi batean, baina haien ondorioak -bereziki giza galerak- beti larriagoak munduko eskualde txiroetan. Ez da hausnarketarako gai berria; hala ere, munduak oraindik horrelakoak gertatu ondoren laguntza ematen jarraitzen du, aldez aurretik edonongo hondamendien ondorioak arintzen saiatu beharrean.