GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gurutz Garmendia «Azkoitxi» Batzarzalea

Maiu herensugea eta sinesmen zaharrak

 

Zaharra da gure herriaren jatorria eta zaharra izatez, jakintsua. Aurreneko andre-gizonek hitz egindako hizkuntzekin zuzenean lotutakoa da eta badirudi euskararen sorrera naturako soinu eta zaratak berdintzeko ahaleginarekin lotu behar dela. Ez dago, beraz, garbi non edo nola sortu zen zehazki gure hizkuntza, baina garbi dagoena hauxe da, gure arbasoak orain dela 50.000 urte gutxi gorabehera hemen bertan zirela jadanik eta Kantauriko kostaldeko eta Auñamendietako bi isurietan garatu zen euskal kultura Europa guztian barreiatu zela denboraldi ezberdinetan. Geure arbasoak izan ziren, orain dela 20.000 urte izandako hotzaldi beldurgarriaren ostean, Auñamendietako ipar isurialdetik goraka, berriro ere bizitzeko moduko bilakatzen ari ziren Europako erdialdeko eta iparraldeko lurraldeak euren bizitoki hartu zituztenak. Horrela esaten dute Ingalaterrako zein Alemaniako aditu nagusiek eta jakinbide hauek euskalduna Europako herrien muin eta jatorrian kokatzen dute. Hainbat dira Europa guztian barreiatutako euskal izenak eta hizkuntzalariek izen hauek bertako zaharrenak direla baieztatzen dute, inongo zalantzarik gabe.

Ez dago batere garbi noiz eta nola desagertu zen euskara Baskonia zaharretik kanpo, baina badirudi latinaren eragina oso garrantzitsua izan zela euskararen desagerpenean eta aldi berean Erromako inperioaren erorialdiak euskal hizkuntzaren eta sinesmenen zabalkunde nabarmena ekarri zuela.

Horrela uler daiteke V. mendean bertako propioak ziren euskal gudarosteak egotea Ingalaterran, eta gauza bera gertatzea Galizian edo Parisko inguruetan. Eta, bestalde, baskoiekin estu lotutako bagauden matxinadak ere ez ziren Baskonia zaharrean bakarrik izan, beste horrenbeste gertatu zen komikietako Asterix eta Obelixen lurraldean eta Alpeetako Zuritzako haranetan ere. Eta komikiekin jarraituz, Vicky bikingoaren arbasoak aipatu behar. Horiek, sasoiko baskoiek bezalaxe, sinesmen zaharrei jarraitzen zieten, eta herensugea zen euren ikurrik nagusienetakoa. Baskoniako biztanleak oraindik ere sinesmen zaharrei jarraitzen zieten sasoian heldu omen ziren gure kostaldeetara eta hiru gune nagusi ezarri zituzten: bata, Baionan, bestea, Txingudiko badian eta hirugarrena, Urdaibaiko «itsasederrean».

Eta badirudi harreman ona egin zutela elkarren artean, ipartarrak gurean bertakotu eta handik urte batzuetara ordura arteko erromatar jatorriko itsasontziak alde batera utzi eta bikingoenen erako itsasontziak erabiltzen hasi baitziren euskal kostalde guztian. Sasoi hartatik aurrera euskaldunek aurrea hartu zuten itsasoan eta ezagun egin ziren mundu osoko hainbat kostaldetan. Euskaldunak izan omen ziren ingelesei balea arrantzatzen irakatsi zietenak. Egindako azken ikerketen arabera, Urdaibai aldean bertakotu ziren bikingoen buruzagirik garrantzitsuenetarikoa Dublingo daniar Ivarr Inn Beinlausi herensugea izan zen. Eta badirudi buruzagi hura Bizkaiaren sorreraren kondairarekin estuki lotua dela. Baskoniako buruzagi bikingoa, sasoiko kronista ingelesen arabera, Rex paganissimus deitzen zen. Eta jakina denez, herensuge burukoak ziren euren ontziak eta tximista eta borrokalariekin lotzen zuten herensuge handia. Bestalde, sasoiko kronista islamiarrek madju deitzen zieten mendebaldeko bikingoei, beste alderdietakoei ez bezala. Eta benetan harrigarria dirudien arren, Euskal Herriko herensugeetako bat behintzat Maiu deitzen da, Izarraitzekoa, hain zuzen ere, eta kontuan harturik Izarraitz aldea dela gure arbasoen bizigune zaharrenetarikoa, ematen den berdintasuna benetan aipagarria da.

Dena den, ezin ahaztu argudio ekonomikoak. Kabotajeko erara bidaiatzen zen sasoi hartan eta horretarako eta beste erarako ere bai, euskal kostaldea gune erabat estrategikoa zen penintsularen eta kontinentearen arteko hartu emanetan, gaur egun bezalaxe.

Praktikotasunak lotuko zituen agian bi herriak eta elkarren arteko harremanak biak aberastu zituela dirudi, handik urte batzuetara Ipar Amerikako aborigenekin eta euskaldunekin gertatu zen bezalaxe. XV. mende inguruan nagusi ziren euskal ontziak Europa osoan eta gureen izen ona mundu osoan zehar barreiatu zen. Zoritxarrez, ez da ezagutzen bikingoen arrasto nabarmenik Bizkaiko kostaldean, baina egon hortxe egon behar dute. Ondarroako ontziola zaharrak ere guztiz itxura ipartarreko egitura zuen eta inguruetako gaur eguneko sinesmenak ere lurralde hotzagoetan kokatutakoen antzekoak dira. Gure lamia, basajaun edota herensugeak baliokidea dute ipartarren artean ere; baina, zoritxarrez, hemen ez da bertakoa bultzatzen. Sinesmen zaharrek egitura txikien eta batzarren alde egiten bazuten ere, egun batzarren alde egiten duten ondarroarrak auzipetuta daude. Eta herritarrek aukeratutako agintariak hagin eta haritzen izena hartzen dutenak herria behar bezala emateko, mandatari vatikanozale faxistez ordezkatuak izan dira. Horiek batzuetan euskaraz hitz egiten duten arren, ez dago zalantzarik ere inondik inora ere ez dutela ulertzen.

Gora herri batzarrak eta batzarkideak eta aurrera Udabiltza eta Loren Arkotxa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo