GARA > Idatzia > Mundua

Parisek darabilen «jarrera xenofoboa» gogor kritikatu dute Errumaniak eta Bulgariak

Frantzian bizi diren 79 ijito Errumaniara itzularaziko ditu gaur Sarkozyren Gobernuak. Ijitoak Estatu frantsesetik kanporatzeko abiarazitako «segurtasun politika» dela-eta, Errumaniak eta Bulgariak gogor gaitzetsi dute frantziar presidentearen «jarrera xenofoboa».

GARA |

Estatu frantsesak ijitoak bertatik kanporatzeko abiarazitako «segurtasun politika» dela-eta, Errumaniak eta Bulgariak frantziar presidente Nicolas Sakorzyrekiko kritikak gogortu dituzte. Errumaniako Kanpo Arazoetarako ministro Teodor Baconschik kezka azaldu zuen atzo, «erreakzio xenofoboek» gora egingo duten beldur dela adierazita.

Parisek gaur bertan 79 ijito bidaliko ditu bueltan Errumaniara eta, horren karietara, era horretako kanporaketa bakoitzean legedia errespeta dadin eskatu zuen atzo ministroak.

Abuztua bukatu baino lehen, Estatu frantsesean bizi diren Errumaniako eta Bulgariako 700 ijito kanporatu nahi ditu Sarkozyk. Baconschik, bestalde, ijitoen bizi baldintza kaskarrak eta hezkuntza arazoak konpondu ahal izateko, Eliseoaren, Bukaresten eta EBren arteko benetako lankidetza behar dela nabarmendu zuen.

Baconschik Gobernu frantsesak kanporatuko dituzten ijitoei Estatu frantsesera bueltatzea debekatzeko eskubiderik ez duela adierazi zuen: «Errumaniak ezin dizkie mugak itxi krimenik egin ez duten Europar Batasuneko hiritarrak diren horiei».

Errumaniako bi estatu-idazkari Parisen izango dira abuztuaren 30ean, gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Frantziar Immigrazio ministro Eric Besson, berriz, Bukarestera joango da irailean.

Errespetatu beharreko arauak

Europako Batzordeak europar hiritar guztiak zirkulatzeko eta bizilekua hartzeko aske direla gogorarazi eta Estatu frantsesak eskubide hori babesten duten arauak errespetatu behar dituela adierazi zuen atzo. Europako Batzordeko bozeramaile Amelia Torresek ohartarazi zuenez, «Europako Batzordeak Europar Batasunean dauden ijito guztien gizarteratzea» babesten jarraitzen du.

KOSOVO

Europa mendebaldeko estatuek ijitoak Kosovora indarrez itzultzeari utzi behar diotela adierazi zuen Europako Batzordeko Giza Eskubideen ordezkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo