Esportazioak %13,8 eta inportazioak %32,9 hazi ziren ekainean Gipuzkoan
12 hilabetetan esportazio eta inportazioak hazi egin dira Gipuzkoan; 509 eta 288 milioi eurora iritsi dira, hurrenez hurren. Ekipamendu-gaiak dira horretan nagusi, eta Estatu frantsesa da aurreneko erosle eta saltzailea.GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako esportazioak %13,8 hazi ziren joan den ekainean aurreko ekitaldiko hilabete berarekin alderatuta. 509 milioi eurora iritsi ziren horiek, atzo Merkataritza Ministerioko Gipuzkoako Zuzendaritzak plazaratutako datuen arabera. Bestetik, inportazioei dagokienez, %32,9ko igoera izan zuen Gipuzkoak urtebetean, 288,3 milioi euro batzen dituztenak.
Kanpo merkataritzaren egituran sakonduz, Gipuzkoak esportatu zituen produktuen artean, ekipamenduetarako gaiak izan ziren nagusi, esportazioen %45,6 hain zuzen ere. Arlo horretako ondasunen inportazioa, berriz, %28,5koa izan zen. Sektore horren atzetik, erdi-manufaktura sektoreak esportazioen %33 osatu zuen eta inportazioen %26,3. Zerrendan hirugarren automobilgintza sektorea ageri da: Gipuzkoako esportazioen %11,2 eta inportazioen %4,7 dagokio.
Bestalde, Gipuzkoak atzerrira saldu dituen produktu eta ondasun guztien %58,6 Europar Batasuna (EB) osatzen duten 27 herrialdeetara iritsi dira. Hain zuzen ere, %17,9 Estatu frantsesera, %11 Alemaniara eta %8 Italiara. Hiru herrialde horiek izan dira bezero nagusiak. EBetik kanpoko bezero nagusi Turkia izan du Gipuzkoak; tren-materialak erosi ditu batez ere, esportazio guztien %6,5 osatuz.
Txina, hirugarren
Bestalde, 2009ko ekainetik, urtebetean, Gipuzkoa hornitu duten herrialde nagusiak Estatu frantsesa (%19,6), Alemania (%15) eta Txina (%11) izan dira. Hala, Asiako herrialdeak laugarren tokian utzi du Italia (%9,2).
2010. urteko lehen seihilekoko datuak ere eskaini ditu Merkataritza Ministerioko Gipuzkoako Zuzendaritzak. Gipuzkoako esportazioak %5 hazi dira tarte horretan, 2.724,1 milioi euroraino. Inportazioek, berriz, %22,9 egin dute gora, 1.604,5 milioi eurora iritsiz.
Era berean, urtarriletik ekainera ekipamendu alorrekoak izan ziren Gipuzkoak gehien esportatu nahiz inportatu zituen gaiak, %48,8 eta %28,1 hurrenez hurren. Bigarrenik, urtebeteko tartean gertatu bezala, erdi-manufakturatuak esportatu eta inportatu zituen gehien (%29,6 eta %24,5).
Azkenik, eta hirugarren postuan, Gipuzkoak urteko lehen seihilekoan esportatu zituen ondasunen %11,6 automobilgintza sektorekoak izan ziren. Inportazioei erreparatuta, berriz, lehengaiek %17,3 osatu zuten.