Eguzki-energiaren aprobetxamendua handitzen duen beira sortu du Tecnaliak
GARA | DONOSTIA
Tecnaliako Eraikuntza Unitateak, Kantabriako Unibertsitatearekin batera, eraikuntza lanetarako beira mota berri bat garatzea helburu duen Sunglass izeneko proiektuan parte hartu du; hain zuzen, «bere kabuz eguzki-energia ustiatzeko sistema fotovoltaikoen eraginkortasuna handituko duen beira». Modu honetan, eraikuntza sektorean energia berriztagarri gehiago erabil dadin sustatzea da proiektuaren helburu nagusia.
Tecnaliak ohar batean azaldu duenez, Sunglass proiektuaren erronka gaur egun dauden eguzki-panelen etekina handituz eguzki-energia fotovoltaikoaren erabilera indartzea da. Gaur egungo panelen etekina %15ekoa da.
Orain arte egin diren ikerketek «eguzki-espektroaren zati handiagoa aprobetxatzeko material erdieroalea aldatzean jarri dute arreta batez ere». Sunglass proiektuak berriz, «frekuentzien konbertsio» izeneko fenomenoan oinarrituriko ikuspegi alternatiboa proposatzen du. Era berean, fenomeno honen oinarria frekuentzia batzuen fotoiak xurgatu eta beste frekuentzia tarte bat igortzea da.
Egoitza nagusia Azpeitian du Tecnaliak eta bertako Eraikuntza Unitateko teknikariek, Kantabriako Unibertsitateko kideekin elkarlanean, konposatu fotoaktibo ezberdinak ikertu dituzte. Ikerketaren helburua, frekuentzia handiko erradiazioa xurgatzeko konposatu horiek duten gaitasuna zehaztea da, modu honetan, eguzki-zelulentzat «eraginkorragoak» diren tarteetara igorri ahal izateko. Material horiek eguzki-panelak estaltzeko erabiltzen den beiran txertatzea da azken helburua.
Energiaren eraginkortasuna
Konposatu horiek erabilera fotovoltaikoetarako beira berezi bat garatzeko erabili dituzte, eguzki-panelak egiteko egun erabiltzen den beiraren ordez erabiltzeko. Aldaketa honek energia eraginkorragoa lortzeko aukera ematen duela baieztatu dute Tecnaliako teknikariek.
Beiran egindako «frekuentzien konbertsio» horren bidez, eguzki-zelulen erradiazio erasoa «eraginkorragoa» da. Tecnaliako arduradunen hitzetan, era honetan erradiazioak nabarmen handitzen du bere eraginkortasuna, «%2 edo %3», eta horrek «eraikuntza sektorean eragin handia izango luke», baieztatu dute.