GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Independentzia ematen du gune propioa izateak, eta aukerak zabaldu»

p014_f01.jpg

ARATZ TRECET
DONOSTIAKO PIRATEN BOZERAMAILEA

Nola ez, Piratetako kide izaki, donostiarra behar zuen beraien bozeramaileak ere. Aratz Trecet gazteak azken urteotan Piraten bozeramaile lanetan dihardu, herri jai parte-hartzaileak izateko ekimen jendetsuaren aurpegi publiko bilakatuta. Beste batzuek jaietan goza dezaten, Treceten gisan, pirata askok lana besterik ez dute egin egunotan. Alta, Irrikitaldian izango dute jai ederra egiteko aukera.

Gari MUJIKA |

Piratek ez dute aurtengo Aste Nagusian orain arte egindako ekimenak baloratzeko paradarik izan oraindik, baina taldeko bozeramaile Aratz Trecetek oso positiboki baloratu ditu; izan ere, lehendabiziko aldiz, Donostiako Piratek jai giroaren erdigunean, Alde Zaharrean, gune propioa izatea lortu dute: La Flamenka.

Orain arteko ekitaldiek ze erantzun izan dute?

Gero eta jende gehiago ari da parte hartzen eta, aurten, egitarau zabalagoa izanik, koadrila gehiago ari dira lanean eta beraien proposamenak garatzen.

Atzo -asteartea-, adibidez, batzuei bertso-poteoa egitea otu, karroza hartu eta Alde Zaharrean barrena ibili ziren. Eta hori oso positiboa da, kuantitatiboki baino gehiago; pirata izate hori gero eta jende gehiago ari da barneratzen.

Zortzigarren urtea duzue eta urtetik urtera indar handiagoa hartu du Piraten ekimenak. Gune fisiko bat ere lortu duzue.

Oso garrantzitsutzat jotzen dugu, eta ondo txertatu dela eta funtzionatzen duela ikusi da.

Jendea Aste Nagusian Alde Zaharrera hurbildu ohi da eta bertan gune bat izatea eta beti zerbait egongo dela jakitea garrantzitsua da. Hori behar zuen, bestela leku batera edo bestera joan beharra duzu; finean, egitaraura jo behar duzu. Eta azken batean, era honetan baduzu nora jo, etengabe ekitaldiren bat egongo den gune bat, eta gainera, zuk egindako egitaraua izanik, gustatuko zaizuna.

-Jendeak zer esan dizue gune horren inguruan?

Hasieran kritikak jaso genituen, «La Flamenka» izenagatik.

«Baina piratak ez al dira euskaldunak?», esan dute askok. Bai, noski. Baina azalpena eman eta gero, oro har, ondo iruditu zaie, lorpen, konkista berri baten gisa ikusi baitute.

-Eta egitarauaren apustua?

Aurreko urtekoaren nahiko antzekoa da, baina gunean zentratuta. Hurrengo urteei begira ere gunean izango dira gauzak, baina Alde Zahar guztira zabaltzea da asmoa.

Guneak independentzia ematen du nahi bezala antolatzeko, baita ordutegi aldetik ere. Eta horrek aukera bat ematen du: La Flamenkan beti izango dira gauzak, gau eta egun, baina Alde Zaharrera zabaltzea da helburua, baita Donostia osora ere.

-Aurten, Udalak Abordatzea egitarau ofizialean sartu du. Zer nolako eragina izan du horrek?

Beno, aurten jendea horretaz hitz egiten ari da. Gure sarearekin -urtean hainbat bilera egiten ditugu koadrilekin- hitz egin genuenean, hasieran ezetz esaten zuen gehiengoak. Baina, zergatik ez? Azter dezagun ea zer onura ekar ditzakeen.

Argudiorik pisutsuena kanpotik gauzak ez direla aldatzen izan da, hau da, zerbait aldatu nahi baduzu, barrutik aldatu behar duzula. Guk berdinak izaten jarraitzen dugu, gure nortasuna dugu, autogestionatzen jarraitzen dugu, baina jai eredu bat gustatzen ez bazaigu eta hori aldatu nahi bada, norabide horretan pauso eraginkorrenak eman behar dira. Orduan jendeak ulertzen du. Azkenean berdinak izaten jarraitzen dugu; Abordatzea guk antolatzen dugu, nahiz eta egitarau ofizialean azaldu.

-Zortzi urteotan, baina, Udalak jarrera ezberdinak izan ditu.

Bai, bai. Agian exajeratzea da, baina, aurten, Aste Nagusian galdu behar ez den ekitaldi bat aipatzean, Denis Itxasok berak Abordatzea aipatu du lehenik. Udalarentzat ere Abordatzea ikur bihurtzen ari baita. Eta `kontrolatu' behar edo nahi dute hein batean. Jendeak gaizki hartzen du `kontrolatze' hori, baina beren gain hartzen badute, azkenean aitortzen ari dira zure jai eredua egokia dela.

Eta hausnarketarako bidea eman diezaieke gainera: zergatik funtzionatzen du? Hori delako jendeak nahi duena. Abordatzea protesta ekimena da, eta protesta hori fruituak ematen ari da. Abordatzea ez da ekitaldi soil bat, aldarrikapena ere bada. Aurten, 3.000 pertsonak hartu dute parte. Gainera, Donostiako jendea, hasieran izan zezakeen beldurra, parte hartzeko beldur horren hesia apurtzen ari da eta hori da garrantzitsuena, donostiarrok baikara Donostiako jaiak aurrera atera behar ditugunak.

-Irrikitaldia ere erreferentzia bilakatzen ari da azken urteotan, Donostiak izan duen belle epoque kutsuari kritika eginez.

Bai. Irrikitaldia beste aldarrikapen bat egiteko erabiltzen dugu, jai giroan egindako kritika konstruktiboak zabaltzeko. Ez dugu kritika kritika egiteagatik egin nahi.

Garai hartako itxuraz jantzita etortzeko eskatzen dugu, show polita egiteko, baina ez da derrigorrezkoa. Azkenean parte hartzea eta ondo pasatzea da helburua. Irudimena erabilita gure alkate jaunari kritikatxoak egitea. Alkateari, Udalari eta donostiarroi. Guk gure buruari barre egitea ere gustatzen zaigu, azken batean, gu ere donostiarrak baikara eta guk ere gauzak gaizki egiten baititugu eta horretaz ere barre egin behar da.

Nik lan eta zuk jai... Aurtengoan behintzat!

-Jai herrikoiak eta parte hartzaileak izanik, eta egitarau zabal hori ahalbidetzeko, atzean dagoen boluntario lan eskerga da akaso ikusten ez dena.

Zaila da jende guztiarengana iristea. Abordatzean, esaterako, aurtengo edizioan 3.000 pertsona atera dira eta zaila da guztiengana iristea, asko ez baitituzu sekula ikusi ere egin. Baina horretan saiatzen gara. Batik bat, auzoetan oinarritzen gara, auzoetako koadrilengana jotzen dugu eta lan egiteko gonbita zabaltzen dugu. Emozio eta ilusioz hartzen dute gonbita gainera. Partaide zaren sentsazio hori, finean, Pirata izatean datza.

Abordatzean, adibidez, 150 pertsonako txandak antolatu ziren -arratsalde bakar baterako- eta horietatik gehienak ezin izan zuten Abordatzean parte hartu. Baina jendeak ulertzen du Abordatzea aurrera ateratzeko eta beste batzuek jaiaz gozatzeko, aurreko lan bat egin beharra dagoela. Hori modu rotatiboan izatea nahiko genuke, zeren azken batean lan hori egin egin behar baita; garbiketa egin behar da, antolaketa, baltsak jaso behar dira, herri bazkaria zerbitzatu behar da, La Flamenka gunean eguneroko ekimenak aurrera atera behar dira -aurten, esaterako, afariak zerbitzatzen dira-.... Eta horretarako pertsona batzuk aritu behar dira lanean. Azkenean, hor parte hartzen ari zarenean, jendea lanean nola ari den ikusten duzu eta, beno, horiek egin badute aurten lan, hurrengoan ni izango naiz lan egingo duena. Filosofia hori izan behar da. G.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo