Maiztegik bere atxiloketa ez ote den legez kanpokoa izan argitzeko salaketa jarri du
Regina Maiztegi inolako agindu juridikorik gabe atxilotu zuten eta bi egun komisarian atxiki. Atxiloketa hori legezkoa izan ote den argitzeko, salaketa jarri du Eibarko Guardiako Epaitegian. Atzo, prentsaren aurrean, neurriz kanpoko «muntaia polizial eta mediatikoa» salatu zuen.
GARA |
Eibarko Guardiako Epaitegian salaketa ipini zuen atzo goizean Regina Maiztegi soraluzetarrak. Larunbat arratsaldean hartu zuen preso Polizia espainolak eta bi egunera aske gelditu zen, haren atxiloketak ez baitzuen inolako oinarri juridikorik. Orain, bere atxiloketa argitzeko exijitu dio Eibarko Epaitegiari.
Haren abokatu Onintza Ostolazak GARAri adierazitakoaren arabera, zer gertatu den argitzeko ipini dute salaketa, eta horretarako, Polizia espainolari atestatuak eskatzera deitu du epaitegia, baita Maiztegiri deklarazioa hartzera ere.
Maiztegiren atxiloketa ez zuen Auzitegi Nazional espainolak agindu, «handik ez zen ezer atera, eta beraz, ez dago atxiloketa agindurik», azaldu du abokatuak, eta akatsa edo «akaso delitua» non egon den iker dezaten jo dute Epaitegira.
Salaketa ipini eta berehala agerraldia eskaini zuten biek Soraluzen. Haiekin batera agertu zen Zugaitz Izagirrerekin zegoen laguna, hura Tarragonan atxilotu zutenean operazio beraren ildotik, eta oiartzuarraren atxiloketa «neurriz kanpokoa» izan zela salatu zuen.
Izan ere, Izagirrek astero-astero epaitegian sinatzen zuela nabarmendu zuen haren lagunak, eta hortaz, Poliziak uneoro kontrolpean zuela. Pineda-Vila Seca herrian oporretan zegoela atxilotu zuten Izagirre, eta berarekin zegoen laguna ere atxiki eta komisariara eraman zuten.
Ostolazak agertu duenez Auzitegi Nazional espainolak apirilean eman zuen beraien kontrako epaia. Prozesu horretan 13 lagun auzipetu zituzten, eta bosti zigorra ezarri zieten; baina horietako lauk, tartean Maiztegik berak, helegitea jarri zuten Auzitegi Goren espainolean, eta epaia noiz emango zain daude.
Atzoko agerraldian amnistiaren aldeko mugimenduak ere hitza hartu, eta gogor salatu zuen «muntaia polizial eta mediatikotzat» jo duten operazioa. Bereziki kritiko agertu ziren komunikabideek jokatutako paperarekin, «beldurrik gabe faltsukeriaz betetako informazioa zabaltzen dute», salatu zuten.
Era berean, egoera demokratikoari bidea irekitzeko, «errepresioari bidea itxi behar zaiola» argi nabarmendu zuten atzo, Soraluzeko agerraldian.
Amnistiarena aldeko mugimenduak nabarmendu zuenez, berebiziko garrantzia du errepresio mota guztiak salatzeak, eta hori egitera dei egin die herritarrei.