GARA > Idatzia > Euskal Herria

Asteburuan, lau aurrez aurreko bisita galduta, Soton del Realen eta Ocaña I-n

GARA |

Pasa den asteburuan lau izan ziren Estatu espainoleko presondegietan miaketak direla medio bertan behera geratu ziren aurrez aurreko bisitak. Zehazki, bi izan ziren Madrileko Soto del Real kartzelan galdutakoak; Jon Troitiño eta Haritz Lopezek izan behar zituzten bisitak, hain zuzen ere. Gainera, Etxeratek adierazi duenez, euren senideek miaketengatik salaketa jarri dute, bai espetxean, bai epaitegian. Ocaña I espetxean aldiz, Jabi Agirre eta Juan Karlos Herrador euskal presoak izan ziren euren senideekin elkartu gabe geratu zirenak. Era berean, kartzela horretan bertan dagoen Aratz Gomez euskal presoak uztaileko aurrez aurreko intimoa galdu zuela jakinarazi dute.

Etxeratek astero komunikabideetara helarazten duen txostenak dioenez, Koldo Aparicio preso politikoaren bikotekideari drogak atzemateko miaketa egin zioten joan den ostiralean, aurrez aurreko bisitara sartu aurretik.

Etxeratek azaldutakoaren arabera, arkutik pasarazi ondoren, ordu erdi itxaroten eduki, eta gero txakurra zeramaten guardia zibilen aurretik pasatu behar izan zuen Aparicioren neska lagunak. Guztira lau guardia zibilek eta bi funtzionariok pasabidea osatu eta handik igaro behar izan zuela salatu du Etxeratek. Gaineratu du, halere, Aparicioren neska laguna bezala, preso sozialen senideak ere kontrol hori igaro behar izan zutela.

Matxura autobusean

Azkenik, Andaluziara presoak bisitatzera joan zen autobusak matxura izan zuela jakinarazi du Etxeratek. Asteburuko bisitak egitera doazen senideak beren etxeetara bost ordu beranduago iritsi zirela azaldu du, behin Andaluzia atzean utzita, Euskal Herrirako bidean izandako matxuragatik. Andaluziara doan autobusa ostiralean abiatzen da Euskal Herritik eta iganderaino ez da bueltatzen.

Bestalde, euskal presoen eskubideen alde, 15 lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Atarrabian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo