GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Donostiako Torneoko lehen finalerdia

Leitzatik dator notizia

Oinatz Bengoetxeak eta Abel Barriolak osatutako bikotea faboritotzat jo du zale batek baino gehiagok.

p037_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Pasaiako plazatik ez, izatekotan Leitzakotik dator notizia gaur, pilota munduan behintzat. Izan ere, Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola leitzarrek osatutako bikotea, askoren ustez garaipena erdiesteko faboritoa, gaur sartuko da Donostiako Torneoko lehian. Lehen finalerdian izango da hori, Titinen eta Zubietaren aurka neurtuko dituena, hain zuzen ere (23.15, ETB-1).

Udan orain artean biek egin duten ibilbidea ikusita, ez da harritzekoa askok faborito etiketa azkar jarri izana. Bengoetxea VI.ak San Fermin eta Zarauzko torneoak irabazi ditu aurten, eta freskotasun ederra antzeman zaio azken aste luzeetan. Abel Barriolak, berriz, Andre Mari Zuriaren Torneoa bereganatu zuen Xalarekin, eta hamaika partida -ez da esaera- daramatza alerik galdu gabe.

Gainera, eta enpresa ezberdinetakoak izan arren, ondotxo dakite batera jokatzea zer den. Aurten, Azpeitian izan zuten elkarrekin aritzeko aukera -22-20 irabazi zuten Titinen eta Beginoren aurka- eta, atzeraxeago begira jarrita, 2007ko udan jo zuten goia, Donostiako eta San Mateoko torneoak irabazita.

Zubietaren itzulera

Aurkariak ere ez dira hankamotzak, ordea. Titin III.ak eta Zubietak bikote handia osatzen dute, eta elkarrekin jokatzeko eginak direla esan liteke. Teoriak dioena betetzen bada, Zubietak zuloak ireki beharko lituzke atzeko koadroetan, Titinek errematerako baliatu beharrekoak. Egia da Gasteizen batera jokatu zutenean, finalean kamuts samar ibili zirela biak, baina horrek ahaztuta egon beharko luke jadanik.

Are gehiago, Aitor Zubietak atseden txiki bat izan duela kontuan hartuta. Etxarriko atzelariak neurketa asko jokatu ditu azken hilabeteetan, eta tarteka nekea sumatu izan zaio. Hilaren 14an Mallabian jokatu ostean, ordea, geldiune bat eman dio enpresak eta pentsatzekoa da indarberrituta azalduko dela gaur gaueko norgehiagokan.

Jaialdia 22.15ean hasiko da eta hirugarren partida ere erakargarria da. Retegi Bi-Laskurain bikoteak errebantxa nahiko du Zarautzen, Arretxe II.a-Laskurainen aurka jasotako egurra eta gero.

MENDABIA

Eguneko beste jaialdia Mendabian ospatuko da. Partida nagusian, Irujo eta Ladis Galartza Gonzalez eta Merino II.aren aurka neurtuko dira. Apurka arazo fisikoak gainditzen ari diren bi aurrelari, maila bikainean dabiltzan bi atzelari gazterekin.

SALAMANCA

Partida ikusgarria izan zen atzo Peñaranda de Bracamonte (Salamanca) herrian jokatutakoa. Pablito Beraaluzek eta Ruben Belokik 25 eta 24 menderatu zituzten Saralegi eta Apraiz. Pablok 15 tanto egin zituen jokoan, eta Saralegik 17.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo