Nafarroako jauntxoen jokaera argigarria
Done Jakue bidea egin duten erromesen kopurua historikotzat jo liteke, Santiagon erromesei ematen dieten helduera-egiaztagirien kopuruaren arabera, dagoeneko ia berrehun mila baitira «Konpostela» delakoa jaso dutenak. Nafarroan, aldiz, arrakasta horren tamainakoa izan da Done Jakueren urteko porrota. Izan ere, Nafa- rroako Kultura eta Turismo Sailak egindako apustu handiaren emaitza ez da egindako inbertsioa bezain oparoa izan, ezta hurrik eman ere. Sailaren aurrekontuaren %10 bideratu zuen Done Jakue urtea turismoaren erakargarri izan zedin eta kontrako eragina lortu du, hain zuzen. Gaur GARAk eskaintzen duen erreportajeak Done Jakue bidearekin loturiko negozioek urte txarra izan dutela agertzen du, ostalarien beraien ahotik. Hala ere, bada Kultura eta Turismo Sailaren apustuaren onuradunik: Artzapezpiku-barrutia.
Nafarroako Gobernuaren jokaera hori dagoeneko ez da harritzekoa, ez erabakiak hartzeko moduari dagokionez, ezta hartzen dituen erabaki gutxienik polemikoen izaerari dagokionez. Horietako batzuk nafar Gobernuaren lehentasunezkoak dira, Elizarekin koordinatutako jarduerak, esate baterako. Aurten, Done Jakue urtea sustatzeko erabakiak milaka euro utzi ditu Artzapezpiku-barrutian; duela hiru urte, berriz, San Frantzisko Xabierkoaren bosgarren urteurrena zela-eta inbertitu zituzten lau milioi euroetatik parte handi bat jesuiten eskuetara joan zen. Eta hori posible da Sanzen Gobernuak kritikarik zein eztabaidarik onartzen ez duen jauntxoak bezala gobernatzen duelako eta, benetako oposiziorik ez izateaz gainera, oposizioa izan behar lukeenaren sostengua duelako. Ez da harritzekoa, beraz, baina bai eskandalagarria krisialdi betean nafar guztien diruarekin jokatzea ia bederatzi milioi euro xahututa, zenbait kultur eta gizarte arlotan, aurrekontua murriztu eta are laguntza osoa kentzeko, krisialdia aitzakia gisa erabiltzen duen aldi berean.
Ez da harritzekoa Nafarroako Gobernuaren jokaera, eskandalagarria bai, baina argigarria ere bada, oso argi agertzen baititu bere lehentasunak -inondik inora nafarrenak ez direnak- eta bere ezinikusiak.