Zazpi zauritu, hiru larri, Bilboko etxe bat erabat kiskali duen sutean
Oraindik argitzeko dauden arrazoiek eragin zuten atzo sua Bilboko etxebizitza batean eta suhiltzaile bat eta sei bizilagun zauritu ziren. Horietako hiru, emakume bat eta bi haur, larri eraman dituzte Gurutzetako ospitalera. Suak bi etxebizitzako eraikina guztiz kiskali du.
GARA |
Zazpi pertsona zauritu dira, horietako hiru larri, atzo goizaldean Basurtu eta Kastrexana batzen dituen errepidean kokatutako etxebizitza batean izandako sutean.
Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez, sutea goizeko ordu bat eta erdiak jotzear zeudela piztu zen bi etxebizitzako eraikinean. Une horretan bertan zeuden sei bizilagunak, hiru heldu eta hiru haur, eta sua itzaltzeko lanetan aritu den suhiltzaileetako bat zauritu ziren.
Hiru zauritu larrienak, emakumezko bat eta haurretako bi, Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten. Ospitaleko iturriek aditzera eman dutenez, emakumea, Erredura Handien Unitatean ingresatu, eta intubatu egin zuten. Bien bitartean, haurretako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatera (ZIU) eraman zuten berehala, eta bigarrena, berriz, larrialdi zerbitzuek artatu zuten lehenik, baina gerora hura ere ZIUra eraman behar izan zuten.
Suhiltzaileek zailtasunak izan zituzten haurretako bat topatzeko; izan ere, suaz babesteko ezkutatu egin zen adin txikikoa. Hori dela eta, suhiltzaileak sua erabat zabal ez zedin aritu ziren lanean haurra topatu bitartean. Jada eraikinaren teilatua eroria zela aurkitu zuten gaztea. Zauri larriak ditu, baina, antza denez, ez du bizia galtzeko arriskurik.
Zauritutako beste hiru bizilagunak Basurtuko Ospitalera eta San Eloyra eraman zituzten. Etxeko teilatua erortzean zauritu zen suhiltzaileak, berriz, bere aseguru-etxean jaso zuen osasun laguntza eta, zauri larririk ez zuenez, etxera joan zen berehala.
Sugarrek erabat kiskali zuten etxea eta teilatua eta bi solairuak hondoratu egin ziren. Oraindik ere argitzeko daude sutea eragin zuten arrazoiak. Bilboko Udaleko Hiritarren Segurtasun zinegotziak, Eduardo Maizek, aditzera eman zuenez, ordea, gas isuria gertatu izana da hipotesietako bat. «Azken datuek diote seguruenik sua eragin duena gas isuria edota butano bonbona bat izan dela», azaldu zuen Maizek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, eta izatez etxebizitzetako batean erabat erretako butano bonbona topatu dute. Maizek adierazi zuenaren arabera, bizilagunetako batek kontatu du argia piztu, eta «leherketatxo» bat gertatu zela eta garrak berehala zabaldu zirela.
Hala, suhiltzaileak gertaeren tokira iritsi zirenerako suak indar handia hartua zuen eta ordurako garrak leihoetatik irteten ziren.
Teknikarien azterketak
Maizek gogorarazi zuen eraikina zaharra dela eta egurrezko egitura duela, «eta kasu hauetan indar handiagoko sua pizteko aukera gehiago dago». Izatez, etxebizitzaren bi solairuak eta teilatua guztiz kiskali dira. Hala, Hiritarren Segurtasun Saileko zinegotziak azaldu zuenez, teknikariek azterketak egin beharko dituzte eraberritzeko moduan dagoen edo ez jakiteko.
Halaber, suhiltzaileek sua itzaltzeko baliatutako urak kalteak eragin zituen alboko etxebizitzan eta bertako bizilagunak etxea uztera behartu zituzten. Udalak jakinarazi duenez, etxera itzuli bitartean, senitartekoen bizilekuetara joatea erabaki dute.
Oraindik ere ikerketan ari dira, baina Bilboko Udaleko Hiritarren Babeserako zinegotziak azaldu du hipotesi nagusia gas isuria gertatu izana dela.