Ibex 35 burtsa indizeak inoizko seihilekorik txarrena izan du aurten
2009a gorantz begira itxi zuen Estatu espainoleko burtsak, eta askok uste zuten 2010a ona izango zela bertan dirua jokatzen duten inbertitzaileentzat. Aurreikuspenak ez dira bete, ordea, Ibex 35 indizeak inoizko seihileko txarrena izan eta iaz irabazitakoaren erdia galdu baitu.GARA |
Estatu espainoleko burtsak %15eko galerak zituen -urte hasierarekin alderatuta- abuztua hasi baino lehenago, krisi ekonomikoaren gainean inbertitzaileek oraindik dituzten zalantzen eraginez. Zalantza eta beldur horiek, nazioarteko testuinguruak eta Estatu espainoleko egoerak sortu dizkiete. Izan ere, azken hilabetean gauza ugari esan da Estatu espainolaren ekonomiaren gainean, horietatik gehientsuenak onak ez.
Horiek hala, abuztuaren hasieran -eta amaieran utzi dituen zenbakiak ere ez dira batere onak izan- 2009 osoan irabazitakoaren erdia galduta zuen Ibex 35ak.
Uztaileko ameskeria
Urtarrilaz geroztik, martxoan eta uztailean bakarrik izan ditu irabaziak indizeak, eta, oro har, urteko lehendabiziko seihilekoa inoizko txarrena izan da.
Uztailean arnasa hartzeko beta izan zuen Ibex-ak, Europako banku eta kutxei egindako kaudimen azterketek emaitza onak eman baitzizkien Estatu espainoleko finantza-erakundeei, eta, horren ondorioz, %13,50 hazi zen burtsa. Hazkunde horri Greziako egoera zaila «kontrolpean» jarri izanak lagundu zion, baina igoera hura ameskeria baino ez zen izan, abuztuan atzera %3,35 jaitsi baita burtsa -dena den, oraindik bi saio falta dira hilabetea bukatzeko-.
Urtea bukatzeko lau hilabete falta dira, eta adituen aurreikuspenak ez dira batere itxaropentsuak Ibex 35arentzat. Horrela, Efe agentziak atzo adierazi zuenez, Atlas Capital taldeko adituek uste dute litekeena dela epe laburrean Estatu espainoleko burtsa-indizea 9.800 puntuen inguruan mantentzea, eta ez dute baztertzen 9.000 puntutik behera jaistea.
Europako gainerako burtsek, aldiz, bilakaera hobea izan lezaketelakoan daude adituak.
Abuztua hasi aurretik, Estatu espainoleko burtsak 2009an irabazitakoaren erdia galdua zuen jadanik. Aipatzekoa da abuztuko datuak ere ez direla batere onak izan.