GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Ken Folleten «The Pillars of the Earth» sorlekura dator, Gasteizera

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Irailaren 5ean, datorren igandean, estreinatuko dute «The Pillars of the Earth»(«Los pilares de la tierra») telesaila Cuatro katean (21.30). Ken Folleten eleberriak, Gasteizko katedralean inspiratuta sortutakoak, liburutik pantaila txikira egin du salto, eta Ian McShane, Donald Sutherland, Rufus Sewll aktoreek hartu dute parte ekoizpen berrian. McShanek, «Deadwood» telesailean egindako lanari esker Urrezko Globo bat irabazi zuenak, izango du hain zuzen, Arabako hiriburuan lana aurkezteko ardura.

«The Pillars of the Earth» ekoizpenak, XII. mendeko Ingalaterran girotutako istorioa kontatzen du, Tom izeneko eraikitzailearen istorioa hain zuzen. Tomek baliabide gutxi ditu eta katedral bat eraikitzea du amets. Hala, amets hori lortzeko bidean, amodioa, abentura eta suspensea nahastuko dira.

Telebistari eskainitako jaialdi honek ekoizpen berriak aurkeztea du xede. Aurtengo aukeren artean Disney Channel katearen «Patito Feo» telesailaren hirugarren denboraldia aurkituko dugu. Telenobela argentinarrak Patrizia «Patito» eta bere amak Pretty Land School of Arts eskolan bizi dituzten abenturak kontatzen ditu. Hirugarren denboraldiko lehen kapituluaren aurkezpena Guridi zinema aretoetan izango da igandean, irailaren 5ean, 12.00etan.

Egun horretan ere, 17.30etik aurrera, Canal+ kateak «True blood» telesailaren hirugarren denboraldia aurkeztuko du. Ekoizpen honek aurtengo Emmy sarietarako bost izendapen jaso ditu eta Louisianako herri txiki bateko gorabeherak azaltzen ditu: herrian hainbat aldaketa egin behar izan dituzte banpiroek bizitza arrunta egiten hasi ondoren. Bereziki, Sookie Stackhouse (Anna Paquin) zerbitzaria nabarmentzen da pertsonaia nagusien artean, telepatia gaitasuna duen neska.

Jaialdian Estatu espainoleko hainbat telesail ere aurkeztuko dira; horien artean, «Águila Roja» eta «El Internado». Azken honen aurkezpenerako gonbidapenak lortzeko jarraitzaile ugarik hainbat ordu itxaron behar izan zituzten Gasteizen.

Bestalde, Joan Ramon Mainat sariak ere banatuko dira jaialdian. Aurten Jesus Vazquez aurkezlea, Julia Otero kazetaria eta «Gran Hermano» saioa izango dira sarituak. Azken honek hamar urte bete ditu eta antolatzaileen ustez, era horretako saioen artean «aitzindaria» izan zen.

AURKEZPENAK

Atzerriko zein Estatu espainoleko telesailen estreinaldiak izango dira FesTVal-en oinarrizko egitarauan, esaterako, «The Pillars of the Earth» edota «El Internado». Horrez gain, Joan Ramon Mainat sariak ere banatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo