GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Ibili ta ibili, azkenien heldu eitten dok!»

Amets TXURRUKA

Txirrindularia

Karreratxun bat manejau ein bijuau Txurru!!». Behin eta berriro errepikatu izan dit entrenamenduetan esaldi hori gure Markelek. Bizipoz ezizenez ere ezagun den lagunak bete digu bere ametsetako bat eta bere ingurukooi ere bizipoz ederra eman digu. Zorionak Markel! (lehenengo garaipena izan duk, baina ziur naiz ez dela azkena izango). Ilusioz eta lan eskerga eginda emaitzak jaso daitezkeela erakutsi digu eta horrek aurrerantzean lanean jarraitzeko motibazioa dakarkit.

Aurtengo denboraldia kalifikatzeko eskatuko bazenidate, niretzat «aldrebes» samarra izan dela erantzungo nizueke. Beti ohiko ordenaz kanpo eta denboraren aurka ibili naizelako, eroriko eta lesioen ondorioz. Aurten Vuelta ere era bertsuan hasi da alabaina, egunean zehar deskantsatu eta gauez erlojuaren aurka lehiatuz! Aitzin etapa hau bera ere, nahikoa aldrebes egin dudala uste dut, taldean itxuroso aritu garela uste dut, baina ni neu azken kilometroetan taldetik ihes eginda ibili naiz (hori bai, aurretik ibili beharrean, atzetik, erritmoari eutsi ezinik.) Luzaroan batere lehiatu gabe egon izanak, beldur puntutxo bat eta sasoi fisiko onenarekin iritsi ezin izanak kideen gurpila galtzea eragin didate.

Lasterketari dagokionez, kanpotik begira zeuden ikusleentzat eta telebistatik jarraitzeko ikuskizun paregabea eskaini delakoan nago. Barruko aldetik ordea, ez da horren polita izan. Txirrindulariok urduri egon gara gauez ondo ikusiko ote genuen ala ez, gure artean elkar ukitu eta erortzeko arriskua saihestu nahi baina aldi berean 60 km/h abiadura horri eutsi nahian. Ordutegia era aldrebes samarra guretzat, gosaldu ondoren entrenamendu saio txiki bat egin eta 13.00etan bazkaldu dugu. Deskantsatu, 18.30ean afaldu eta afalostean buzoa jantzi eta lanera! Beroketa eta ibilbidearen ikuskapena, arrabola eta 22.40ean sua! 24.00ak aldera iritsi gara hotelera, bihotz taupadak baretu, gorputzaren erritmoa mantsotu eta loak hartu gaituenerako berandu samar...

Hala ere, hiru aste hauetan ordena berreskuratu eta zerbait polita egingo dugun sentipena daukat. Taldea indartsu dago eta ni ilusioz eta gogoz bai, behintzat! Beraz, ea Vueltatik bueltan behar bezala ospatzen dugun! Markelek ospatzeko motiboa jarri digu dagoeneko, baina ospakizun bikoitza egitea ez litzateke txarra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo