GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Munduko surf txapelketak: hastapenak eta bilakaera

Mundu mailako txapelketak ikusi ahal izango ditugu datozen egunetan. Jarraian, hasierako txapelketen ingurukoak, laburrean.

p046_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Mundu mailako txapelketak ospatuko dira datozen egunetan gure kostaldean eta inguruetan. Beraz, datozen egunetan surf txapelketetako emaitzak, zirkuitu desberdinen siglak eta beste edozein kiroletan izan ohi direnen tankerako kronikak irakurri ahal izango ditugu, ohiko kirol albiste formatuan. Halere, emaitzetatik haratago ibilbide bat bada, bestela ezinezkoa litzateke egungo argazkia.

Internet eta antzekoak ez zeuden garaian, surf munduan bi ikuskera kontrajarri zeuden lehian, batetik estatubatuarra eta bestetik australiarra. Txapelketan jokatzen zena, banakako surflariaren merituaz haratago, surflari horrek irudikatzen zuen mundu ikuskera zen. Australiarrak filosofikoagoak ziren nolabait esateko eta, estatubatuarrak, praktikoagoak. Denborarekin bi ikuspegi horiek surf munduko marketan ere irudikatu ziren; enpresa baten helburua ahalik eta irabazi gehien lortzea den neurrian ordea, edozein diskurtso itxura soil izatera igarotzen da eta, azkenean, horixe da bi mundu handi horien filosofia irudikatu nahi zuten enpresek egun irudikatzen dutena, bi estilo desberdin. Arropak, logotipoak, bideoak, marketin guztia eman nahi den irudi zehatz bati lotuta saltzen zaigu, baina oinarrian bi mugarri dira, australiarrak eta estatubatuarrak, ikuskera kolektibo batetik haratago nazio izaera bera ere irudikatu nahi duten bi potentzia kontrajarri irudikatu nahi dira. Bakoitzaren nortasun bereizia da aldarrikatzen dena, nahiz eta finean gauza bera diren, sustrai berberak dituzten eta mundu ikuskera bera duten, alegia, britainiarra (kapitalista, protestantea, inperialista, neoliberala).

Surfak hastapenetik izan du lehiarako joera. Antzinako hawaiiarrek apustuak egiteko erabili ohi zuten surfa, eta edozer gauza jartzen zuten jokoan, kanoak, oiloak, etxolak, emakumeak eta abar. Surf modernoaren itzulerarekin, XX. mende hasieran Waikiki hondartzan lehiaketak antolatzen hasi ziren, gehienetan gondolaz, taularen gainean arraun batekin distantzia luzeak ahalik eta denbora laburrenean egitea zen helburua.

Hawaiiarren ustez, olatu gainean surf egitea espresio kontua zen, neurtu ezin zen zerbait zen. Kalifornian, ordea, elkarteen arteko txapelketak ospatzen hasi ziren 30eko hamarkadan. 60ko hamarkada erdialdera arte elkarteen arteko lehia izan zen kirol honen ardatza. Australian eta AEBetan elkarteen arteko lehian oinarritutako egitura bat osatu zen. Egitura horien antolakuntzak fruituak eman zituen, jada «surflari onak» zeintzuk ziren esan zitekeen, irizpideak gero eta zehatzagoak baitziren eta horrek surflari batzuk oso ezagunak izatera bultzatu zituen.

Australian, 1964. urtean Manly hondartzan ospatu zen aurreneko Munduko Txapelketa eta Farrelly izan zen irabazlea, surflari australiarra. Txapelketak sekulako arrakasta izan zuen, Hawaii, Kalifornia, Peru, Britainia Handia eta munduko beste zenbait lekutako jendea bertaratu baitzen parte hartzera.

1965ean Perun izan zen bigarren Munduko Txapelketa, ofizialki Lehen Munduko Txapelketa gisa bataiatua izan zena. Irabazlea Peruko surflari ezagun bat izan zen, Felipe Pomar. Txapelketa honek ere oihartzun handia izan zuen eta, surfaren industriak izan zezakeen arrakastaz jabetuta, batzuek txapelketak jendea bildu eta propaganda egiteko bitarteko egokia zirela konturatu ziren.

Diru sari garrantzitsuak eskaini zituen lehen txapelketa 1965eko uztailean ospatu zen Kalifornian, «Tom Morey Invitational» izan zen. Morey Boogie (paipoa) asmatu zuen gizona zen antolatzailea. 25 lehiakidek 1.500 dolarreko diru saria eskuratzea zuten helburu. Kalifikatzeko irizpideak oso argiak ziren; surflari bakoitzak 14 olatu harrapatu eta taularen aurrealdean ahalik eta denbora gehien iraun behar zuen. Olatu guztietan lortutako denboraren batuketak emango zuen irabazlearen izena. Mickey Muñoz izan zen irabazlea.

1966an, San Diego, Kalifornia, izan zen Munduko Txapelketa garrantzitsuaren lekuko. Ordurako bi ikuskera zeuden jokoan, batetik estatubatuarrak zeuden, taularen aurrealdean ahalik eta denbora gehien egiteko ondo entrenatuak. Ziur ziren irizpide horren arabera, surflari onenak estatubatuarrak zirela eta munduko titulua haien lurretan geratuko zelakoan zeuden. Baina, txapelketa hasi bezain laster, australiarren surf egiteko modu oso bestelakoarekin egin zuten topo. Nat Young australiarrak ez zuen taularen aurrealdean joateko bestelako esfortzurik egin behar eta taula alde batera zein bestera mugitzen zuen, surf dinamikoago bat erakutsiaz. Berak irabazi zuen eta estatubatuarren lehiarako denbora irizpidea hankaz gora bota zuen. Irizpideak auzitan ziren jada. Bi ikuskera kontrajarri sortu ziren eta lehiaz haratagoko auzia zegoen jokoan. Australiarrak eta estatubatuarrak «gudan» ziren.

Surf ikuskera berri honek, ordea, sekulako aldaketa ekarri zuen. Ez zen kasualitatea izan bi ikuskeren arteko talka, munduan gertatzen ari ziren jazoerekin eta aldaketekin bat zetorren. Surfaren historian izan den jazoerarik garrantzitsuenetako bat ahalbidetu zuen surf egiteko modu berri honek, taula motzaren asmakuntza alegia. Taula motzaren agerpenak sekulako aldaketa ekarri zuen, baina ez surf egiteko moduan bakarrik, kontzientzia aldaketa ere eragin zuen. Eta hori guztia urte bakar batean jazo zen, 1968an.

Taulak egiteko tailerrak erruz ugaldu ziren, jada ez zegoen industria gutxi batzuen eskutan. Taula handiak zaharkituta geratu ziren eta urteetan surflariak erakartzeko erabili izan zen mezu politikoki zuzena, ezarritako arauen araberako mezu sano eta elegantea, bertan behera erori zen. Ile luzeak, koilareak eta marihuana zigarretak gailendu ziren eta surfak irudi psikodelikoa hartu zuen bere eremu anitzetan, aldizkariak, propaganda, arropa, taulen diseinua eta abar.

1968an Puerto Ricon ospatu zen Munduko Surf Txapelketa. Epaileek irizpide klasikoen arabera jardun zuten, surf egiteko modu erradikalagoa gutxietsiz. Honek ordurako txapelketekiko sortzen ari zen mesfidantzazko jarrera handitu zuen eta asko izan ziren aurrerantzean lehian ez ibiltzeko hautua egin zuten surflariak.

Hawaiien, olatu handietako taula berriak asmatu, eta beste bizi eredu batzuen bila zebiltzan, ez zeukaten olatu txikietako lehiarekiko interesik, gauza horiek australiar eta estatubatuarren arteko saltsak zirela esaten zuten. Horrela, 1970ean Australian ospatu zen Munduko Txapelketan ia ez zen hawaiiarrik izan, beraz, sektore garrantzitsu baten falta sumatu zen. Baina ez hori bakarrik, lehiaketen aurkako jarrera eta garaiko ikusmolde berriek ere izan zuten eragina, eta txapelketa kaotikoa izan zen. Txapelketari hasiera emateko egiten zen irekiera desfilean surflari bakar batek desfilatu zuen AEBetako taldean. Liskar ugari izan zen txapelketak iraun zuen bi asteetan, borrokak, atxiloketak, irainak, droga ugari eta surf gutxi. Txapelketa amaitutakoan, surflari ospetsu askok erretiratu eta lehiatzeari utzi zion. Hurrengo urteetan ospatu ziren munduko txapelketak ere antzekoak izan ziren, polemikoak eta liskar ugarikoak.

1976an IPS (International Professional Surfers) sortu zen, Hemmings fundatzaileak zioen moduan, «surfaren irudi garbi eta sano bat» eskaintzeko helburuarekin. Ordura arte txapelketa bakar batean lehiatzen zen munduko txapela, baina handik aurrera munduan zehar ospatutako txapelketa desberdinetan jasotako emaitzen batuketak erabakiko zuen munduko txapelduna nor izan. Mundu mailako zirkuitu bat osatu zen, beraz.

Peter Towned izan zen lehen zirkuitu saiakera haren irabazlea. Txapelketa bat bera ere irabazi ez zuen arren, munduan zehar ospatutako lehiketetan batutako puntuei esker irabazi zuen, eta ikusleek begi onez ikusi zuen txapela Towneden buruan, izan ere, surflari aparta zen, mota guztietako olatuetan. Komunikabideen aurrean argazkia ateratzeko Hemmingsek trofeo zahar bat eskaini zion Towned txapeldunari, baina ekintza sinboliko hutsa izan zen, kamerek alde egin orduko, trofeo hura lehen zegoen apalategi berean utzi baitzuten. Jada surf profesionalak bazuen zirkuitua eta modu legalean dirua eskuratzeko bidea irekia zegoen.

1982an enpresa indartsuen babesarekin ASP (Association of Surfing Professionals) sortu zen eta propaganda kanpaina indartsu baten ostean IPS zokoratu eta haren lekua hartzea lortu zuen. Orduz geroztik, erakunde hori da mundu mailako surf txapelketa eta zirkuituen antolatzailea, horretarako bi enpresa indartsuenen babesaz baliatzen delarik. Billabong enpresa australiarra eta Quiksilver estatubatuarra dira mundu mailako zirkuituko babesle nagusiak.

ASP da mundu mailako lehiaketen irizpideak zehazten dituena eta lantzean behin «judging criteria» txostena ateratzen du, epaileek zein irizpideren arabera jokatu behar duten esaten duena. Lehiakideek arretaz irakurri beharreko txostena da, izan ere, horren araberako surfa egitera behartuta daude puntuazio ona lortu nahi badute. Ikusleek ere irizpide horien berri izan beharko genuke, askotan ez baikara jabetzen guk gustuko dugun ariketak agian oso puntu gutxi ematen dituela eta gero epaileek gaizki puntuatzen dutela kexatzen gara. Mundu mailako txapelketetan akats gutxi izaten da epaileen eskutik. Denborarekin maila handiko azpiegitura serioa osatzea lortu da arlo honetan, beraz, epaileek eman ohi dituzten puntuak ondo emanak direla pentsatu behar dugu. Hasierako garai kaotiko haietatik hona gauzak asko aldatu dira eta mundu mailako zirkuitu eta txapelketak oso ongi antolatuta daude. Arauak urtero zehazten dira eta puntuatzeko irizpideak ere oso ongi finkatuta daude.

 
1970eko mundu
txapelketa

Irekiera desfilean surflari bakar batek desfilatu zuen AEBetako taldean. Liskar ugari izan zen txapelketan zehar, borrokak, atxiloketak, irainak, droga ugari eta surf gutxi.

Lehiarako joera

Surfak hastapenetik izan du lehiarako joera. Antzinako hawaiiarrek apustuak egiteko erabili ohi zuten surfa eta edozer gauza jartzen zuten jokoan; kanoak, oiloak, etxolak, emakumeak eta abar.

BI POTENTZIA, LEHIAN

Nat Youngen garaipenarekin, bi ikuskera kontrajarri sortu ziren eta lehiaz haratagoko auzia zegoen jokoan. Australiarrak eta estatubatuarrak «gudan» ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo