GARA > Idatzia > Kultura

Lezards Qui Bougent konpainiak arte dinamika anitzak bultzatuko ditu Baionako Factory 64 gunean

Baionako Breuer eraikinetan kultur dinamika anitza garatzen duen Factory 64 gunea sortu du Lezards Qui Bougent antzerki konpainiak. Andy Warholen New Yorkeko arte faktoria izan dute eredu.

Idoia ERASO | BAIONA

Factory 64 gunean arte eszenikoak lantzen dira nagusiki eta adierazpen artistiko eta herritar guztiei irekia da. Warholen arte faktoria eredu harturik konpainia baionarrak sorkuntza eta trukerako gunea sortu du.

Urte hasieratik, Lapurdiko hiriburuko ZUP auzo ezaguneko pisu batean, etxebizitzez inguraturik, arteak badu bere gunea. Faktoriak, auzoko jendearekin elkarrekintzan, kanpoko zein hurbileko artistentzako ateak irekiak nahi ditu izan. Auzokoek hastapenean kontzeptuaren ulertzeko arazoak izan badituzte ere, erlazioak eta trukeak garatu diren heinean, kulturarekiko beste hurbilpen bat eta beste ikuspegi bat garatzen ari direla aipatu zuen han lanean ari den Sophie Darricaudek.

Bertako artista batentzat "faktorian" lan egiteko eskaintza irekia da, eta sorkuntzarako gunea, materiala eta elkartruke artistikoa urririk eskainiko zaio, urtean behin auzoko jendearekin ekimen bat antolatzearen truke. Kanpoko artistei dagokienez, Midi-Pyrenees eskualdetik heldu den Artisans konpainia bi urteko egonaldia egiten ari da Baionan, baina elkarlanaren emaitza onak direla-eta hiru urtera luzatzeko aukera ari dira begiratzen.

Artisans konpainiarekin batera, Lézards qui bougent taldea "Ich liebe dich Eva" lana prestatzen ari dira. «Edozein tokitan antzezteko moduko obra komiko-dramatikoa izatea nahi dugu», esan zuen Baionako konpainia horretako arima den Kristian Fredricek.

Egitasmoak

Konpainia une honetan garatzen ari den proiektu nabarmenena "Jaz" da. Koffi Kwahuleren testuetan oinarrituta, antzerkiaren munduan teknologia berriak integratzen ditu robotikari buruzko hausnarketa eginez.

Jatorri haitiarreko Amelie Cherubin-Soulieres antzezleak lanari emaniko indarrari esker eta nazioarteko beste hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin lan handia egiten ari direla nabarmendu zuen obraren zuzendaritza hartu duen Fredricek. Suitzan eta Kanadan itzulia egin ondoren, Baionako Scène Nationalak lagunduriko obra gure artean aurkeztua izanen da.

Gluck konpositorearen "Orphee et Eurydice" operaren moldaketa bat aurkeztu zuen talde baionarrak Nurenbergen, artista alemaniar eta italiarrekin lankidetzan. Ezohiko emanaldia izan zen, hiriko antzinako lur azpiko pasabideetan antzeztu baitzuten lana. Emanaldi gehiago izango dira, hurrena Napoliko antzerki jaialdian, eta iragarritakoaren arabera, datorren urtean iritsiko da Baionara.

LAUTADAKO ESKOLA

Helduentzako doako antzerki eskolak bigarren urtea izanen du ikasturte honetan. Goi-lautadako eskolak 20 eta 70 urte artean dituzten ikasleez osaturiko bi talde izanen ditu.

WEBGUNE BERRIA

Factory 64ren berri eta antzerki konpainiaren proiektuen berri izateko webgune bat jarri zuten abian atzo: «www. lezardsquibougent.com». Artisten laguntzarekin garatuko da atari hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo