GARA > Idatzia > Ekonomia

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko gazteei dei egin die CCOOk, greban parte har dezaten

p025_f01_148x084.jpg

GARA

Estatu espainolak onartu berri duen lan merkatuaren erreformaren aurka egiteko, CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Unai Sordok irailaren 29rako UGT sindikatuarekin batera deitu duten greba orokorrean parte hartzera deitu zituen atzo Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko gazteak. Erreforma «itzulgarria» izan daitekeela esan zuen Sordok eta gazteentzat «iruzurra» dela nabarmendu zuen. Grebak izango duen «arrakasta» dela-eta, lan erreforma zuzendu egin beharko dutela ere baieztatu zuen eta gazteek lan munduan jasaten duten behin behinekotasuna eta prekarietatea lan merkatua aldatzeko «aitzakia» gisa erabili dituztela salatu zuen.

Bilbon eskainitako prentsa agerraldian Cristina Bermejo sindikatuko gazte alorreko arduradunak ere hartu zuen parte eta erreformak gazteen lan egoera kaltetuko duela salatu zuen. Joan den asteburuan sindikatu honek egin zuen jardunaldi batean erreformaren xehetasunak aztertu zituztela esan zuen eta lan erreformak funtsean ez duela ez enplegua sortzen lagunduko, ezta behin-behinekotasuna murriztuko ere, «guztiz kontrakoa baizik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo