GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasuko peñak dira aurtengo jai egitarauko protagonista nagusiak

Atzo ekin zieten jaiei altsasuarrek. UPNko zinegotzi Francisko Javier Cedraneko bota zuen txupinazoa eta arrautzak jaurti zizkioten ordainetan udaletxeko balkoira irten zenean. Peña Batzordeak antolaturiko bazkari, kalejira eta meriendekin ederki pasatzeko aukera izango da herrian. Ostegunerako, gazteek afaria eta kontzertuak antolatu dituzte.

p017_f02.jpg

Izaro ARBILLA

Hasiak dira dagoeneko Altsasuko santakrutzak. Gogotsu eman zieten ongietorria sakandarrek atzo ostiralera arte iraungo duten festei. Aurrekontu murrizketei aurre eginez, egitarau oparoa eskaintzen dute beste urte batez Altsasun.

12.ooak puntu-puntuan jaia iragartzen duen eztanda handia entzun zen herrian. Suziriek, japoniar bonbek eta ezkila-hotsek apurtu zuten herrian lasaitasuna. Horren ondotik, peñen desfilea, buruhandiak, Etxarri Aranatzeko gaiteroak eta Altsasuko txistulariekin primeran pasatzeko eskaintza ezin hobea izan zuten herritarrek.

Txupinazoa UPNko zinegotzi Francisco Javier Cerdanek jaurti zuen, eta herritarrek arrautzak jaurtiz erantzun zioten.

Hala ere, gogotsu hasi zuten eguna herrian. Urtero, suziria jaurti baino lehen, hamaiketako oparoa prestatzen bazuten ere, aurtengoan, diru falta dela eta, ez zuten ohi bezalako ohituraz gozatu. Alta, altsasuarrek, Peña Batzordeak eta Gazte Asanbladak gaztetxean antolaturiko hamaiketakoari esker, ez zuten aurrekontu murrizketa nabaritu.

Urtero legez, 2009an jaiotako haurrei harrera beroa eta zapi janztea egin zieten udalbatza-aretoan 10.30ean.

Peñen irteerak eta kalejirak giro ederra sortu zuen, eta gero McKens's Cland Bandek kontzertua eman zuen Foruen plazan. Banda xelebre honek barre algara dezente eragin zuen sakandarren artean, eta ezohiko dantza eta musikarekin giro bikaina jarri zuten.

Arratsaldean, Peña Batzordeak antolaturiko kafe saio eta kalejiraren ondotik, dantzaldia izan zen Azabache taldearekin.

Gau partean, AEK-k eta Kima-k antolaturik, euskal kantak abestu zituzten plazan, eta 02.00etan, Altsasun ondo errotutako ohiturari jarraiki, larrain-dantza eta zortzikoa ederki dantzatu zituzten Foruen plazan.

Hurrengo egunetan

Ostiralera arte iraungo dute aurtengo festek, eta hurrengo egunetan primeran pasatzeko aukera eskaintzen duen egitaraua prestatu dute, Udalak, Peña Batzordeak eta Altsasuko Gazte Asanbladak.

Diana eta gaiteroek esnatuko dituzte gaur altsasuarrak. 12.00etan azken ezkila-jotzea entzungo da herrian eta bazkalordua heldu bitartean, txikienak, buruhandi eta bonba japoniarrekin arituko dira. Etorkizuna dantza taldekoak ere gaur estreinatuko dira, eta goizeko mezaren ostean eta 13.00etan erakustaldia eskainiko dute. Foruen plazan bazkari herrikoia antolatu dute Ajolabaikoa peñaren urteurrena ospatzeko.

Arratsaldean, pilota partida profesionalak, playback txapelketa, aurtengoan 20. edizioa ospatzen duena, eta Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izango dira plazan.

Asteazkenean, eguerdian, adinduen omenezko bazkaria antolatu dute Burunda pilotalekuan. Aurreko urteetan dohainik izan bada ere, aurtengoan, diru murrizketa dela-eta, gerturatzen den orok ordaindu beharko du. Peñek, bestalde, bazkari herrikoia eta jinkana antolatu dute, gaztetxetik abiaturik. 18.30ean Sakanako Herri Kirol eskolak erakustaldia eskainiko du.

Txikienek ere izango dute ongi pasatzeko aukera, hala nola, ostegunean, Txiki Park-a egongo da 11.30ean, puzgarriak, zezen mekanikoa, ludoteka... eta ostiralean, berriz, Gorritiren animaliak eta peñek antolaturiko jokoak.

gazte gaua

Ostegunerako gazte gaua prestatu dute Gazteria Zerbitzukoek; Foruen plazan afaria izango dute eta horren ondotik kontzertuek musikaz jantziko dute Altsasu; Urkatu eta Potroberoak izango dira gaueko protagonistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo