GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Good job, boys»

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Hasiera guztiek beren amaiera izaten dute, eta gure Kanadako txangoa ere bukatzera doa. Egia esan, izugarri gozatu dugu hemen igaro dugun aste honetan. Gainetik bada ere, Quebec eta Montreal ikusita goaz etxera, eta «opor» txiki batzuk pasa ditudan sentsazioarekin, ekingo diot etxera bueltarako bidaiari.

Nire azken zutabean Quebeci buruzko xehetasun eta iritziak idatzi nahi nituen, eta zutabea erdi egina nuela, Igor eta Egoiren erorikoak zutabea guztiz aldatzera behartu ninduen, eta horrexegatik ez nizuen hemengo esperientziari buruzko ezer kontatu.

Gaur, herrialdearen ezaugarriak alde batera utzita, eginiko lanari buruz jardungo dut. Badago gauza bat, izugarri gustura uzten nauena; hasieratik taldeak duen estrategia, gero errepidean behar bezala gauzatu ahal izana. Montrealgo irteeran urduri samar nengoela onartu behar dut. Quebecen ihesaldi nagusian egon nintzen, eta azken birara sartzen harrapatu gintuzten. Hori dela-eta, Eki-k (Ekimovek) azken 3 itzulietara sartzean, igoeran azpitik topera tiran jartzeko ardura eman zidan. Baneukan neure barruan, urduritasun sentsazio bat, sabel inguruan korapilo antzekoa, baina azkenean, hotelean pentsatu genuena, gauzatu ahal izan genuen.

Ihesaldian ia 3 minuturekin zihoalarik, 5 itzuliren faltan, igoera hastean topera jartzeko esan zidan Ekik. Kilometro batean ahal nuen dena eman, eta bat-batean taldetik Chris eta Tiago sartu ahal izan genituen aurreko ihesaldira. Gero beste taldeek lan egin behar izan zuten, eta horrela azken itzulian, gure gizonik indartsuenak, Haimarrek erasora jo zuen. Azkenean Gesink iritsi zen aurrena eta Haimar laugarren, baina talde moduan guztia bikain irten zitzaigun. Gainera taldekako sailkapena irabazi gunuen eta, nahiz eta lasterketa ez irabazi, gauzak ondo egin ditugun sentsazioarekin iritsi ginen.

Hotelera iristean, talde honetan horrenbeste errepikatzen duten esaldia entzun genuen, «Good job, guys!» ( lan ona, mutilak!), zeren talde honetan bada zerbait garrantzi handia ematen diotena, alegia, bakoitzari bere lana eskertzea eta guztiz motibaturik edukitzea.

Ba, horrela, «good job» egin dugun sentsazio horrekin, haurrentzako zerbait erosi eta banoa aireportura!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo