GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Txapeldunen Liga

Nazabal txapela lortzetik gero eta gertuago dago

Etxarriko txapeldunak laugarren jardunaldia ere bereganatu egin du, eta une honetan Arrospideri puntu bat kentzen dio. Bera izango du aurkaririk zailena.

p039_f01.jpg

Jon LEUNDA

Anjel Arrospidek eta Floren Nazabalek lortu dituzte asteburuan jokatu diren Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bi saioak. Sailkapen nagusian, orain Nazabalek jarraitzen du lehen postuan, eta puntu bakar batera atzetik Arrospide dauka. Biak, gainera, launa saio dituzte jokatuta. Badirudi, Liga hau bi horien artean dagoela, gainerakoei dagoeneko alde nabarmena kentzen baitiete.

Jokatzen diren saioetan, lan bera egin behar izaten du aizkolari bakoitzak. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Gero, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izaten da. Hirugarren lanean, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda izaten dute aurrez aurre. Gero, 60 0ntzakoa zeinek azkarrago moztu neurtzen dira. Azken-aurreko lanean, kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izaten da, eta azkenik, lau kana-erdiko moztu behar izaten dituzte.

Arrospidek lan asko egin behar izan zuen Juanjo Lopez mendean hartzeko. Aizkolari bakoitzak hiruna proba irabazi zituen, baina amaieran lan guztiak burutzeko 20 minutu eta 56 segundo behar izan zituen Arrospidek, eta 21 minutu eta 14 segundo, berriz, Lopezek.

Nazabalek, berriz, Olasagasti hartu zuen mendean. Etxarriko txapeldunak jokatutako saio guztiak bereganatu zituen, nahiz eta inon ez zion igeldoarrari alde handirik kendu. Nazabalek abuztuaren erdian bizkarrean izan zituen arazoak ahaztu dituela ikusi zen, eta Olasagastik, berriz, sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi zuen. Joan den asteazkenean ere Ordizian lan bikaina egin zuen, nahiz eta ezin izan zuen irabazi, eta Euskal Herriko finalean ere bera kontuan hartu beharko dela erakusten ari da. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta 20 minutu eta 47 segundo, berriz, Joxemari Olasagastik.

Txinga

Esther Iriarte narbartearrak eutsi egin dio emakumezkoen Euskal Herriko txinga alorreko txapelari, herenegun Lantzen jokatu zen finalean ere berea izan baitzen markarik onena.

Guztira bost kirolari lehiatu ziren, eta bakoitzak 25 kiloko txingak esku banatan hartu, eta ahalik eta metro gehien egitea zen helburua.

Finalak, ordea, ez zuen izan aparteko emoziorik, Iriartek aise irabazi baitzuen. 30 plaza pasa egin zituen, eta lau pasako aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Berasategi arabarrari. Honek oso marka ona egin zuen, baina Iriarterena sekulakoa izan zen. Lehiarik handiena azkeneko postuetarako izan zen, hor oreka handia izan baitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo