GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

(Noren) nahasteari aurre egiteko ekimena?

EAJko presidente Iñigo Urkulluk atzo esan zuenez, larunbaterako deitu zituzten manifestazioak debekatzearen atzean arrazoi politikoak daude; hala ere, bere alderdiak ez dio eskubide guztien aldeko herri ekimenari atxikimendurik agertu. Ez du harekin nahastu nahi. Urkulluk esan zuen bere alderdiak «ekimenen bat» aurkeztuko duela ETAren adierazpena aztertu ostean, eskubideen «nahastea» desegiteko asmoz, nonbait. Izan ere, ezker abertzaleak zabaldu duen egoera berriari dagokionez, Urkulluk nahaste-borraste ugari sumatzen ditu bere inguruan: PSOEn eta PSEn (edo Madrilgo Gobernua eta lehendakariaren eta Egigurenen artean), Adierazi EHk eskubide guztien defentsan abiatu zuen ekimenean, ezker abertzalean... esparru guztietan, bere alderdian izan ezik. Urkulluk ezker abertzalea iraganean dagoela esan zuen atzo; aldi berean, ordea, ezker abertzaleak euskal herritarrak egoera berri batean kokatu dituela ziurtatu zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta egoera hori baliatu egin behar dela. Urkulluk iraganean ikusten duen ezker abertzaleaz ari zen, jakina. Urkulluk ikusten ez dituen urratsei denek lagundu eta indartzeko ahalegina egin behar dutela dio Olanok. Hori bai, berak ezker abertzaleak egin duen apustuan ikusten duen garrantzia handiak Urkulluri mesfidantza argia eragiten dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo