GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haurrak euskaraz erregistratzeko ezintasuna salatu dute Usurbilen

p011_f02_111x111.jpg

Janire ARRONDO

Usurbilgo Udalak herriko Bake Epaitegiari haur jaio berriak euskaraz erregistratzea eskatuko dion mozioa onartuko du datorren astean. Herrian hainbat gurasok tramite hori euskaraz egiteko oztopoak izateak ekarri du Udalak jarrera hori hartzea. «Gure herrian euskaraz bizi nahi dugu, baina, hauxe paradoxa, jaiotzen garen une beretik urratzen zaigu euskaraz bizitzeko eskubidea», adierazi zuen atzo Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak.

Errekondok Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati eta euren seme-alabak euskaraz erregistratzea posible izan ez duten hainbat gurasoekin batera eskaini zuen atzo prentsaurrekoa. Alkateak salatu zuenez, «legeak, hitzarmenak zein bestelako ezarpenak euskaldun askori oinarrizko hizkuntz eskubide bat ukatzeko eratutako labirinto juridiko erraldoiak dira». Are gehiago, euskaraz erregistratu ahal izateko beharrezko diren aplikazio informatiko edo dokumentuak epaitegietan jartzea atzeratu eta trabatzeko, debekatzeko edo ukatzeko «borondatea» dagoela salatu zuen.

Gurasoetako batek, Mari Susperregik, epaitegian bizitakoaren testigantza eman zuen. Lehen haurra izan zuenean zein hizkuntzetan erregistratu zuten ohartu ere ez zela egin aitortu zuen lehenbizi Susperregik. Gerora, baina, irratian Aretxabaletan lehen haurra euskaraz erregistratu zutela entzun eta, artean haurdun zegoela, epaitegira jo zuen berak ere hala egin nahi zuela azaltzera. Han, ezezkoa jaso zuen. Egoera bera bizi izan zuten prentsaurrekoan ziren beste bi emakumek ere; horietako batek epaitegiko langile baten jarrera «desegokia» izan zela salatu zuen.

Usurbilgo epaitegikoa, ordea, ez da kasu bakana. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik agertu zuenez, «gisa horretako kasu asko» kudeatu dituzte azkenaldian.

2008an Lakuako Justizia Sailak eta Justizia Ministerio espainolak sinatu zuten akordio bati esker, EAEko 14 barruti judizialetan erregistroa euskaraz egiteko aplikazio informatikoa jarri zuten. Hiriburuez gain, Balmaseda, Amurrio, Durango, Eibar edo Tolosa dira barrutietako batzuk. Akordio hark urtebeteko iraupena zuen eta 2008ko abenduan iraungi zenetik ez dute beste hitzarmenik sinatu. Gauzak horrela, gaia «geldirik» dagoela esan zuen Petriatik eta EAEko gainerako bake epaitegietan aplikazioak noiz ezarriko diren ez dakitela. Horregatik, legeak hala ahalbidetzen duela ulertuta, Petriatik azaldu zuen aukera bakarra dela gurasoak haurra jaiotzerako epaitegi edo erregistroetara jotzea eta tramitea euskaraz egin nahi dutela azaltzea. Behatokia aholku lana egiteko prest dela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo