GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Mendira ez, itsasora jo!

Udazken hasi berri honetan Kantauri Itsasoa dugu berri emaile. Oraingoan ez da kutsadura-orbanaren kontura edo antxoa-stockaren eskasagatik. Ez. Ontzia itsasoratu berri du erakunde armatuak, aingura behingoz botatzeko asmorik gabe, eta ur sakonetan eskuzabal ibiltzeko intentzioz, ez noraezean baina. Harrapaketan aritzeko xederik ez, honetan. Aldi eta itsaso berean, beheko Estatuko armadaren korazatuak, Somaliako uretatik atoan etortzeko agindua jaso berria, bolanta-sareak hedatzen hasiak dira, di-da, han-hemenka, tamaina guztietako aleak harrapatzeko irrika behartuan, non burua han poltsa dutela lelo. Esana zuen Estatu horretako oraingo maizterrak prozesua luze eta zaila izango zela; ez zuen, baina, esan bera arduratuko zela luzeagoa eta zailagoa izan dadin, berez behar dena baino gehiago. Eta horretan dihardu, itsasoz, lurrez eta airez, fronte guztiak zabalik.

Zeinek esan du lurrez? Bai, nik neuk! Lehorrera bueltan, sasi guztien gainetik lelopean bilduko ziren gaur milaka jelkide Foronda inguruko zelaietara. Meteosat lekuko. Bertaratu ez banaiz ere, badakizu, agenda kontua, zaila egiten zait, ezina ere, hara bildutako guztiak sasien gainetik ibiltzen imajinatzea, sasiak sasizkoak badira behintzat. Hain daude, buruzagiak sikiera, moketa eta zementu gainean ibiltzen ohituak! Lelo horrekin ez dut uste mendira jotzearen itxura eman nahi izango dutenik, beheko Estatuko gobernuburuarekin lotzear duten akordioari begira. Mamu batzuek aspaldian utzi zioten beldurra sortzeari. Gainera, besteok itsasora jo dutenean!

Tira, itsasora berriro! Itsasotik Itsasora, Kantauritik Gorrira. Orain gutxi izen handiko fisikari batek esana da jaungoiko baten beharrik ez dela munduaren sorrera ulertzeko. Oraingoan beste kolpe latz bat gotzain handien sotanape horretan. Ikerlari-talde batek argitu duenez, itsaso horren ur-eten ospetsua ez zaio Moises haren aztikeriari lotu behar, haize-ufada handi jarraituek eten baitzezaketen uraren jarioa, tropelak baliatu zuena norbaitek prometatutako lurrera bidean. Ene, ene!, hamaika entzuteko gara, gero! Haize indartsuak itsasoaren jarioa eten! Imajinatzen nago beheko Estatuko buruak, eta hemengo batzuk ere, denak batera puzka eta puzka, ahotik esan nahi dut, Kantaurira begira, jo eta ke, eten arte. Tira, Gorrira bueltan, haize erauntsi harekin zelan geratuko zitzaion ilea faraoiaren maitaleari? Auskalo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo