GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Josu Torre 2010/9/23

Izarretan

Oraintsu izan ditut izarrak gogoan. Itsasotik zerura begira. Konstelazioak edo multzoak, argitsu edo diztiratsuenak, lehendabizikoak edo egun argiari bidea irekitzen ziotenak. Izarrak, beti ere. Egunero bizitza ematen digun eguzki hori ere izar bat besterik ez delako. Bizitza delako. Pentsa bere izar guzti horien bueltan zer egon litzaken. (...)

Beste izar batzuk, edo beroiek beste modu batera, ikusi ahal izan ditut egunotan. Donostiako Zinemaldiaren aitzakiarekin edo harekin batera Izarren Argia filma plazaratu dute. Haren meritu edo ohorez haratago, kontatzen duen historia latza bera barneratu baino haratago oraindik, Gerra ondoren gizaki heldu zirenen gogo indarrez aritzea litzateke egokia. Pelikula honek kontatzen dituen datuak lortzea, Saturrarango kartzelan izan ziren ehunekoen emakumeen senide edo ondorengoen haien berri sekula ez ematea, artxibo guztietan bazterturik edukitzea, gaurdaino ia inork ez aipatzea zerbait latz edo gogorraren ondorioa da

Ez da kasualitate bat garai hartakoek hainbesteko beldurra izatea; jasan zutenaz gain berebiziko beldurra txertatu zioten baren muinetaraino. Betirako. Amari galdetu nion behin ea zergatik ez ziguten bost senideri euskarazko izenik jarri. Negar zotin batez erantzun zidan, besterik ez. Saturrarango kartzela, behartuko lantegi batailoiak, gizonezkoen beste kartzela guztiak, estradizio boluntario edo beharrezkoak eta abar luze bat ezagunagoak dira baina Saturrarangoa? Emakumeak zirelako? Haiei kendutako umeek egun nagusi zenbaiten seme edo nagusi direlako? Auskalo.

Gure ama, zorionez, ez zen kartzelan egon. Aita bai eta, horregatik hilabetetako alaba hartu eta ebakuatu zuen. Ebakuatu. Beste hitz potolo bat. Beste ondorio gutxi ezagutua. Behi parea gurdia eramateko, hemen, etxetik atera ahal izan zuten dena, atzean beste behi bat ernaritua, alaba altzoan, Moro txakurra aldamenean. Ebakuatzen baina, nora zijoazten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo