GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ana Telletxea Ikertzailea

Syrtosen miraria

 

Pinuz jositako Filopapou muinoan, Akropoliaren pare-parean, Dora Stratou antzokia dago. Dora Stratou politikari eta intelektualen familia batean sortu zen; arte lirikoan hezia izan zen eta haren bitartez greziar kultura tradizionalaren aberastasuna ezagutu zuen. Altxor horren izaera bereziaz ohartuta, ahalegin guztiak eman zituen sentsibilitateak mugiarazteko, nola publiko hala pribatuak, ondare garrantzitsu hura kontserbatzeko. Bere izena daraman antzokia sortu zuen 1953an, eta 30 urtez zuzendari aritu zen. Grezia mailan folklorea eta dantza babesten duen erakunde nagusia da egun antzoki hori.

Dora Grezia osoan barrena bidaiatu zen 30 urte horietan dantza tradizionalak (eta haren hurbileko elementuak) ezagutuz eta bilduz, eta honela, poliki-poliki antzokia hornitzen joan zen. Gaur 2.500 jantzi dauzkate, eskualde guztietako zapata, maskara, zapi eta bitxiak, eta Grezia osoko herri eta bailaretako dantza eta tradizioak erakusten dituzte urtez urte.

Alabaina, antzokian interpretatzen diren dantzak (syrtos grezieraz) edozein greziarrek ezagutzen ditu; eta hori du irakurketa nagusia gogoeta honek, ez garela hildako zerbaitez ari, tradizio bizia da antzokian biltzen dena. Bertan konprobatu ahal izan dugu aurten: herrixka bateko udako bestetan suertatu eta dantzaldia ikusi genuen plazan, zahar eta gazte dantzan eta kantuan aritu ziren luzaroan. Eta irudi hark bete-betean hartu zuen gure arreta.

Eta areago, bertako musika entzuten da gainera, ez Ameriketako edo Ingalaterrako pop-lari famatuen azken singelak. Merkatu, denda, auto zein kalean, bertako musika da ia aukera bakarra, joera nabarmen bat ikusten da tokiko musikaren aldekoa. Hori oso seinale sendoa da, zer moduko bizierak dauden salatzen du.

Egiazki Grezia kultur tradizio handiko nazioa da, artearekin hasi eta filosofiarekin buka. Dora Stratouren lanak, zentzu honetan, Apoloren tenpluko frontispizioan ageri zen antzinako printzipio sokratiko harekin bat egiten du: «Ezagut ezazu zeure burua».

Nazio dira. Herria egiten dute. Hala dira eta egunerokoan lantzen dute. Kanpotarrak hori antzematen ahal du erraz aski. Izaera propioari eusten diote. Alderdi askok ematen du horren pista: tradizioekiko atxikimenduak, hizkuntzarekiko maitasunak, herriarekiko ardurak, janari moldeen mantentzeak, mendeetan jasandako gertaerekiko jakintza eta fideltasunak... eta dena eragin eta berezko nortasunaren ezabatzea den mende honetan, horrek balio handia du.

Gauzak honela, aztergai dugun alorrari bakarrik erreparatuz, Grezian gustuko dutelako dantzatzen dira. Haien kultura erakusteko saioak egiten dituzte antzokian maiatzetik irailera, duin, mailazko, harro eta elegante. Ikaragarri transmititzen dute, bizitzen. Hautemate orokorra da. Eta gakoa zein den? Estatuak babesten du hau dena, eta gizarteak estimatzen, baloratzen. Ez dira (bejondeiela!) galduko dutenaren beldur.

Guk ere hori sentituko ahal dugu inoiz! Euskal Herrian dantza taldeek euren emanaldiekin helburu asko dituzte ardura: berezko kulturaren alde egin, bertako tradizioak ezagutarazi, izaera bat aldarrikatu, ohitura batzuk berreskuratu, eta, hala ere, egindakoaren nolakotasuna eta zergatia maiz eztabaidagai ditugu gure artean.

Gurean lan militantea da (ezaugarri behinena nabarmentzekotan), baina han izan izatea da funtzio nagusia. Ezin konpara genitzake berdintasunetik bi kulturak, baina azterketa azkar batez zera esan liteke: hemen kultura defentsa da batik bat (beharrak egiten baitu); han, aldiz, norbera izatea eta bizitzea; gozatzea da kultura. Alegia, naturaltasuna.

Noski, Doraren lana garai jakin bateko argazkia dela pentsa dezakegu, baina argazki hori Grezia da. Eraginak eragin (haiek onartuko ez badute ere), Greziak solas propioari eusten dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo