GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aniaiz Ariznabarreta, euskal preso politikoa

«Biluztu egin ninduten, ukitu, eskutik hartu eta eurekin lo egin behar nuela esan...»

 

Joan den irailaren 7ko goizaldean, Nojan (Kantabria) atxilotu zuen Guardia Zibilak Aniaiz Ariznabarreta. Goizalde berean beste zortzi euskal herritar eraman zituen atxilo polizia espainolak euren militantzia politikoagatik. Ondorengo bost egunetan bortizki torturatu zituztela salatu dute guztiek. Emakumeek, gainera, izaera sexualeko torturak salatu dituzte. Aniaizek espetxetik erantzun dizkie GARAren galderei.

p026_f03.jpg

GARA |

Egun batzuk igaro dira jada espetxeratu zintuztenetik. Zer moduz aurkitzen zara?

Oraindik ere kokatu gabe nago. Ez dugu ez informaziorik ez egunkaririk ez ezer. Gurekin jolasten ari dira. Tentsio egoeran gaude eta buelta emateko aukera gutxi dugu. Oraindik eskubiderik gabe jarraitzen dugu.

Nola gogoratzen duzu zure atxiloketaren unea? Nojan zeunden.

Oso bortitza izan zen. Konturatu orduko nire gainean zeuden, armekin apuntatzen. Danbateko handia entzun genuen, eta, segituan, lurrean ninduten, arrastaka.

Inkomunikatuta egon zinen denbora guztian etengabeko tortura saioak jasan zenituela salatu duzu. Madrilerako bidaian hasi ziren horiek.

Atxiloketa unea bera kenduta, Eibarrerako bidaia nahiko lasaia izan zen. Hori bai, burua hanken artean eraman behar izan nuen, noski. Mehatxuak eta egin zizkidaten, baina gero etorriko zena ikusirik, erlatibizatu egin dut zerbait. Intxaurrondon beste talde batek hartu ninduen, eta, orduan, dena aldatu zen. Nagusiak beraiek zirela erakutsi zidaten; aurreko guardia zibilak isiltzera eta guzti behartu zituzten. Hurrengo bost egunetan ia kendu ere egin ez nuen antifaza ere jarri zidaten.

Madrilerako bidaiaren hasieran, laztandu egiten ninduten. Behin ordaintokia pasa eta Euskal Herria atzean utzi genuenean, jarrera aldatu zuten. Eserlekuan botata zihoazenak altxa eta amesgaiztoa hasi zen: poltsa, kolpeak, erdi biluzik jartzea, ukipenak, galderak, mehatxuak... Etengabe, gainera. Madrilera iritsi ginenean, emakume batek komunera sartu eta `de mujer a mujer' hitz egin zidan: oso haserre zeudela nirekin, eroak zeudela eta nire osasunagatik hobe nuela eurak esaten zidatena egitea. Nire eskutan egongo balitz bezala!

Tortura, gainera, jazarpen sexual ere bihurtu zen. Nola gogoratzen dituzu une horiek?

Etengabea izan zen jazarpen sexuala, autoan sartu nindutenetik. Biluztu egin ninduten, ukitu, bortxatuko nindutela esan, zakila ukiarazi (tutu bat zela uste dut). Bospasei hots ezberdin entzuten nituen. Eurekin lo egitera joan behar nuela esaten zidaten, eskutik hartzen ninduten.....

Irainak ere etengabeak izan ziren. Biluztu egiten ninduten. Niri begira jarri eta komentarioak egiten zizkidaten. Bitartean, gorputz guztia ukitzen zidaten. Bortxatuko nindutenaren plantak egin, mehatxuak, ahoa ukitu, titiburuak, laztanak..... Bosgarren egunean alua ukitu zidaten. Gero eta intentsuagoa zen dena.

Epailearen aurrean gertatutakoa salatzeaz gain, auzitegiko medikuari berari ere eman zenion egoeraren berri. Aldiz, torturak ez ziren gelditu, ezta?

Auzitegiko medikuari den-dena salatu nion. Oraindik ikus daitezkeen ubeldurak ere erakutsi nizkion, baita nola egin zizkidaten esan ere. Bigarren aldiz auzitegiko medikuarengana joan aurretik, ordea, guardia zibilek kontuz ibiltzeko esan zidaten; jasotzen ari nintzen tratua salatuz gero okertu egingo zela esan zidaten. Une horretatik aurrera ez nion erantzun `¿te han pegado?' galderari. Nabarmena zen. Jateko esaten zidan etengabe. Auzitegira iritsi nintzenean, medikuaren bisita eskatu nuen, batez ere bere gelan bazegoelako neuzkan zauriak ikusteko beharrezko argia. Lehenengo egunean erakutsi nizkion zaurien bilakaeraz galdetu eta ubeldurak jaisteko pomada bat eskatu nion. Ez zidan eman. Argi eta garbi esan zidan berak ez zuela parte hartuko egin zizkidaten zaurien sendaketan. Azken finean, ez zuen jaso nituen torturen berri zuenik agerian utzi nahi. Zerbait sendatuz gero, Guardia Zibilak zauritu egin ninduela onartu behar zuen.

Atxilotutako lagunak bederatzi zinetela ba al zenekien? Gainontzekoak ikusi zenituen? Eta, behin espetxean, izan al zara beraiekin?

Atxilotu kopurua herrira heltzean kanpoan zain zeudenek egin zituzten oihuengatik jakin nuen. Oso garrantzitsua izan zen hori. Ez nuen, ordea, inor ikusi. Hori bai, denak ondoan egon gara. Ez zuten disimulatzen. Azken goizean hiru gosari bakarrik entzun nituenean pixka bat deskolokatu nintzen. Behin kartzelan, aldiz, gainontzekoak ikusteko aukera izan dut. Hunkigarria izan da.

Zuen aurkako operazioa egungo testuinguru politikoa baldintzatzeko erabili dute. Zein irakurketa egiten duzu?

`Ingresos' sailean gaude oraindik eta ez dugu inongo informaziorik. Ez dakigu zer zentzutan erabili duten. Autoa irakurri dut eta lehen irakurketa batzuk egin daitezke. Jakin badakigu atxiloketak zer moztu eta kriminalizatzera etorri diren. Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko lana moztu nahi dute, aldaketa politikoaren protagonista eta indargune nagusia den herritarren aktibazioa moztu nahi dute. Euskal Herriaren eskubideen defentsa eta eskubide horiek gure esku hartzeko ahalegina moztu nahi dute. Izan ere, Estatuak ez du herri bat aurrez aurrez aurkitu nahi.

Espetxeratu berritan, milaka izan ziren hiriburuetako manifestaziotan parte hartu zutenak. Berotasun hori iristen al da ziegetara?

Izugarrizko indarra eman zidan atxilotu nindutenean jasotako babesak, baita horrelako eraso baten aurrean, Euskal Herriaren aurkako eraso baten aurrean, jendea kalera ateratzen dela jakiteak ere. Hau ezin da errepikatu. Honelako operazioen kontra herria altxatzea lortu behar dugu, denok nahi dugun, merezi dugun eta gurea den askatasuna edukitzeko.

aktibazioa

«Aldaketa politikoaren protagonista eta indargune nagusia herritarren aktibazioa da eta hori moztu nahi izan dute, baita Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko lana ere»

bortxa

«Laztantzen ninduten bitartean, bortxatuko nindutenaren plantak egiten zituzten. Bosgarren egunean alua ukitu zidaten. Gero eta intentsuagoa zen dena»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo