GARA > Idatzia > Kirolak

SURF • Quicksilver Pro France

Gaztetxoenak izan dira protagonista lehen egunean

Helduek jai hartu eta gazteenak hasi dira lehian. WCT txapelketa gaur hastea espero da.

p064_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA

Munduko Txapelketa ez zen ospatu lehen egunean. Olatuek metro eta erdiko altuera izan arren, haizea ez zen lagun atzokoan Hossegorren. Gaur baldintza hobeak izango direla espero da; hala, goizeko zortzietan dira lehen txandekin hastekoak.

Surflari ezagunenen arrastorik ez zen izan atzokoan Hossegorren. Goizean goizeko ohiko entrenamendu saioaren ostean apartamendu eta hoteletan ezkutatu zirela zirudien. Bakarren bat edo beste ikus zitekeen argazkilariz inguratuta iragarkiren bat egiten, baina, gainontzean, surflarien arrastorik ere ez.

Horiek horrela, gaztetxoenak izan ziren protagonista atzokoan, Munduko Txapelketarekin batera Quiksilver King of the Groms lehiaketa ere ospatzen baita. Urtean zehar puntuaketa onenak jaso dituzten 16 urte bitarteko hamazortzi gaztetxoak dira lehian, eta, atzo ikusi ahal izan genuen moduan, maila handiko ikuskizuna emateko gai dira. Hossegorrekoa, gainera, finala da, gaztetxoak eskolan buru-belarri hasi aurretik erabakiko baita munduko txapela nork eramango duen.

La Graviere hondartzan egin zituzten txandak. Hasiera batetan goizean goiz hasteko asmotan bazebiltzan ere, haizea baretu bitartean itxarotea erabaki zuten azkenean; horrenbestez, arratsaldeko ordubietan egin zituzten lehen bi txandak. Ondoren, txapelketa etetea erabaki zuten.

Olatuen altuera ederra zen, eta haizeak ere pixkanaka indar gutxiagoz egiten zuen putz, baina, dirudienez, La Graviereko hondoak ez daude bere onenean eta olatu oso zailak ziren. Urrun lehertzen zirenez, ez ziren ohiko olatu indartsuak.

Hala eta guztiz ere, gogor aritu ziren gaztetxoak. Lehen txandan Cooper Chapman australiarrak 13,50 puntu jaso zituen eta erraz gailendu zen. Bigarren txanda ere interesgarria izan zen. Josh Moniz hawaiiarrak ia olatu bakarrarekin pasa zuen txanda, izan ere, bi olatu bakarrik harrapatu zituen, bata oso eskasa eta bestea oso ona.

Josh Monizek uneoro bere aita Tony Monizen laguntza izan zuen. Urertzetik eskuin alderago joateko keinuak egiten zizkion urte askotan surflari profesional ezaguna izan denak.

Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, jende andana izan zen atzo. Gaur, gehiago eta hobeto.

Gaztetxoen lehia

16 urte bitarteko surflaririk onenak ere lehian ari dira. Hossegorren erabakiko da kategoriako munduko txapela nork eramango duen. Atzokoan ikuskizun ederra eman zuten. Adi, beraz, gaztetxoekin ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo