GARA > Idatzia > Kultura

Zinemako izarren ostean, Irlandakoak datoz Donostiara U2 taldearen kontzertuarekin

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Zinemaldiaren ostean ere, Donostiak ez du atsedenik izango, ez behintzat astelehenera bitartean. Izan ere, U2 talde irlandar ezagunaren kontzertua izango da gaur Anoeta estadioan «U2 360º Tour» bira erraldoiaren barnean.

Atzo arratsaldean, estadio barruko prestaketa lanak ikustera sartzeko aukera izan zuen GARAk. Euriarekin muntaketa dezente zailagoa egiten dela onartu zuen langileetako batek, baina, hori bai, denborarik galdu gabe zebiltzan azken panelak agertoki erraldoian kokatzen. Segurtasun kaskoak eta txalekoak soinean, estadio guztian barreiatuta zeuden langileak.

Aste osoan zehar ibili dira ehunka langile bira oso-osorik ematen duen agertoki izugarri handia muntatzen. Agertokia 2009ko ekainaren 30ean erabili zuen taldeak lehen aldiz Bartzelonan; hain zuzen ere, emanaldi horrek ireki zuen «U2 360º Tour» bira.

Anoetan gaur 45.000 pertsona biltzea espero da. Gaurkoa U2 taldeak Donostian azken bost urteetan eskainiko duen bigarren kontzertua izango da; izan ere, «Vertigo» bira ere Gipuzkoako hiriburura heldu zen.

Hain famatu egin den agertokiari buruz hamaika gauza esan dira orain artean: armiarma itxura duela, espazio ontzi baten antza duela... Kontuak kontu, argi dago izugarri handia dela: 50 metroko altuera du eta Anoetako hegoaldeko harmaila bera baino altuagoa da. Gainera, Willie Williamsek diseinatutako agertokiak pasabide zirkularrak ditu, baita 54 tona pisatzen dituen pantaila zilindriko erraldoia ere. Horrelako ingurunearekin zaila izango dute Bono, Adam Clayton, The Edge eta Larry Mullen taldekideek protagonismoa bereganatzea.

«No line on the Horizon» azken diskoa aurkeztuko du U2k Donostian. Hala ere, ziurrenik aspaldiko kanta mitikoak ere entzun ahal izango dira, biraren emanaldi gehienetan jo izan baitituzte «With or Without You», «Sunday Bloody Sunday» edo «I Will Follow» bezalako abestiak.

Bonok izandako bizkarreko arazoak tarteko geldi egon ondoren, abuztuaren 6an abiatu zen berriz ere Turinen «U2 360º Tour» bira. Ordutik, argitaratu gabeko zenbait abesti ere sartu ditu emanaldietan taldeak, hala nola «Return of the Stingray Guitar», «North Star» edota «Glandstonbury».

Nahiz eta Anoetan izateko sarrerak aspaldi agortu ziren, gaur bertan gutxi batzuk erosteko aukera izango da estadioan bertan.

Tren zerbitzu bereziak

U2 taldearen kontzertua dela-eta, bere ohiko tren zerbitzuak indartu ditu Euskotrenek gaur gauerako. Anoeta-Hendaia (24.48, 01.03 eta 01.33), Anoeta-Lasarte Oria (24.52 eta 01.52) eta Anoeta-Zumaia (24.55 eta 02.02) ibilbideetan izango dira zerbitzu bereziak. Informazio gehiago lortzeko, 902 543 210 telefonora dei daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo